Nafarroa poligonoz josi nahi dutela dirudi, J. A. Agirrebengoak Noticias-en argitaratutako "Suelo industrial... ¿desde Tudela hasta el Roncal?" artikulua irakurrita. Beste produkzio arlorik ez balego bezala, udalek eta partikularrek sustatutako poligonoak "ahaztuz", poligono "publiko" gehiago behar omen dira... Inbertsore pribatuei merke saltzeko? Berdin lautadan edo mendi artean, Tuteran edo Erratzun, edonon behar omen dira poligonoak ugari (gero "ezinbesteko autobidea" egin beharko da, noski). Helburua ez da enplegua sortzea; lurrak inbertsoreen eskura merke jartzea baizik, lurjabeen eta diru publikoaren bizkar. SEOPAN, Zapatero, Raxoy, Sanz edo Jimenezen gustuko politika: soldata urriak, aldi bateko lana eta gutxi batzuentzako irabazi handiak.Enplegua ere sortuko da jakina, zenbait negoziotarako beharrezkoa eta errentagarri zaien artean.Non dago poligonoen egiazko aprobetxamenduaren azterketa? Zenbat zoru libre eta pabilioi huts dago Irurtzundik Aguraineraino, soilik inbertsio gisa erosita? Nork esan dezake Sakanako langabetu kopurua poligono faltagatik dela?Makro-poligonoa jendeari beldurra eraginez atera nahi da aurrera?Zenbat pabilioi daude hutsik edo biltegi bihurtuta? Nafarroako langabezia tasa baxuena izatetik, handiena izatera igaro da Sakana, hilabete gutxitako epean. Ez zoru industrialaren faltaz, bestelako gabeziak baitira arazoa: gaitasun falta, gardentasun falta, planifikaziorik eza... eta bestelako interesak soberan.Na-Bairen garapen eredua, UPN-k Erriberan egindako gehiegikeriak Nafarroa osora esportatzea dela ematen du, proposamen populista bezain gutxi landua luzatuz. Aipatu artikuluari jarraiki, Sakanan ere milioika m_ asfaltatu beharko lirateke oraindik Erriberan egindako txikizioa berdintzeko. Txapelapeko garapen eredu basatia.Ez azterketarik, ez bestelako aukerarik, ez Plan Estrategiko baten arrastorik... arlo horietan beste alderdi politiko batzuekin arras zorrotzak izan ohi garen arren. Artikuluan enpresariak aipatzen dira bai; ez, ordea, langabetuak, langileak edota beren familiak. Ezta lan baldintza kaxkarrak ere. Garapen orekatuarena kanpainarako omen zen soilik. Ingurumena? Bizi kalitatea? Alukeriak...Horrelako kontuekin, egunetik egunera ihes egiten digu Nafarroa Baik eragindako ilusioak. Guk geuk, behintzat, ez genion bozka eman gisa horrelako politika neoliberalak garatzeko.(http://altsasu-zaindu.blogspot.com/ blogean informazio gehiago)