Bai, batek egin diezaioke galdera hori bere buruari. Ez bakarrik zer den, zer izan daitekeen ere. Ekainaren 7an bagenuen aukera Europako Parlamentuan aurrerantzean izango diren gure odezkariak aukeratzeko.Baina, zer gertatu zen? Inoiz baino jende guttiago joan ginen gure botoa ematera. Biztanleriaren erdiak baino guttiagok adierazi genuen gure nahia; botorik ez emateak ez duelako ezer adierazten.Zergatik mugitu ginen hain jende gutti? Horrek esan nahi du bost ajola zaigula Europa mailan dugun errealitatea eta etorkizuna?Hogeitazazpi estatuk osatzen dugu Europa. Noizko desegingo ditugu estatuak eta herriak sortu? Hau bai dela gogo hutsa oraindik. Baina horrela izango al da betirako? Horretan datza, agian, interes ezaren arrazoia? Nahiago nuke horrela balitz; baina uste dut, zoritxarrez, ez dela hau benetako arazoa.Eta hauteskunde hauek gauza asko argitu dituzte.Eskubikoek, ia-ia leku guztietan, irabazi egin dute. Zergatik? Jendea mugitzen jakin izan dutelako. Espainia mailan, Gaztelan, Valentzian eta Galizian - hots, eskubikoek boterea daukaten lurraldeetan-, besteetan baino askoz gehiagok eman zuten beren botoa. Ez dezagun ahaztu Campsek Valentzia aldean egin duena: nahiz eta bereak eta beste egin, botoak lortu.Bizi dugun krisialdi ekonomikoa eskubikoek sortu arren - banketxeek, etxegileek, e.a- horiexek irabazi dute. Gero eta indartsuago dugu neoliberalismoa gure artean. Noiz esnatuko gara?Espainia mailan bost milioi pertsona beren etxeetan, edo auskalo non, geratu dira. Ez da gutti, ez.Euska Herrian, nahiz eta hain zapalduak egon, abertzale ezkertiarrek badute indarra eta indar horrek leialtasuna eta erresistentzia adierazten du.Europa mailan, ezkerrekoek erabateko porrota sufritu dute. Botoa eman dutenen arteko askok ezkerrekoek eskaintzeko ezer gutxi dutela ikusi dutelako agian?