ETA UDAN ZER ?

Aizpea Euskara Taldea 2009ko eka. 19a, 00:00

Udako atarian gaude. Negu gogorra zein udaberria pasatu dira. Lan egiteko garaia bukatzen ari da. Udako atarian lasaitasuna, festak, atsedena, lagunekin egotea.... urruti geratzen da iraila erdikaldea edo urria. Herrigintzan eta euskalgintzan gabiltzanon artean lan egiteko gogoa jaitsi egiten da. Kultur ekintzek, kartelek, komunikatuek, idazkiek, manifek, etab. behera egiten dute. Hala ere, uda garaian badira zenbait ekintza arrakastatsu suertatzen direnak: horra hor UDAN EUSKARAZ, Altsasu eta Irurtzunen egiten dena . Hor daude kanpaldiak ere. Ekitaldi gehienak umeentzako antolatzen dira. Kanpaldiak eskualde osorako antolatzen dira eta ongi deritzogu horri. UDAN EUSKARAZ ekimena bi herritan egiten da. Badute tradizio eta eskarmentua. Hortaz, zergatik ez dira egiten herri guztietan? Zergatik ez Sakana osorako? Ez litzateke zaila izango eta umeen artean eskualdeko sentimendua zabaltzeko balio lezake. Hor geratzen da galdera; agian, Sakanako Mankomunitateak erantzun beharko duena. Ekintza bat aipatu dugu, agian, martxan jarri behar dena. Horretaz gain, badira beste aspektu asko oso kontuan hartzekoak gure udako bizitzan. Adibidez, herriko festetan, herriko musikan, askotan euskararen presentzia oso pobrea da. Eta umeentzako prestatzen dituzten joku, zalditxo, barrakak eta txoke-autoetan, etabar-etabarretan euskararen presentzian eskas-eskasa da. Euskalgintza eta udalek badute non lan egin. Hala ere, uda ona pasa.