2007ko udal hauteskunde kanpainan zehar, Ziordiko NaBai-ko ordezkariek herritarrek emandako bozketatik ateratako zinegotziak bakarrik hartuko zituztela agindu zuten. Haien esku zegoen ilegalizazioari aurre egitea eta 182.2 artikulua aplikatzea, baina hasiera-hasieratik esan zuten hori egingo ez zutela. 128 bozka lortu zituzten, eta EAE-ANV-k, berriz, 108. Bi alderdien arteko aldea txikia izan arren, bozketan lortutako NaBai-ko lau zinegotziek bakar-bakarrik gobernatu dute herria, hasieratik ezker abertzalea baztertuz. Oposiziorik gabe gobernatu nahi izan dute eta herriaren erdia baztertu dute edozein motatako erabakiak hartzeko. Orain, berriz, jauzi kualitatiboa eman dute: bozketan irabazi ez zuten bosgarren zinegotzia hartu dute, ezker abertzalearena den zinegotzi bat hartu dute. Bosgarren zinegotzi hori guretzako inoiz ez da zinegotzi izango, ez du inoiz herria ordezkatuko, herriak aukeratu ez duelako. 182.2 artikulua aplikatzeko ezezko borobilarekin alderdien legea legitimatzen aritu dira; baina orain jauzi honekin alderdien legea legitimatzeaz gain, alderdien legeaz aprobetxatzen ari dira. Eta herritarren borondatea urratzen ari dira. Lau zinegotzi bakarrik hartzearen estrategia, estrategia hipokrita bat baino ez zen izan; izan ere, ezker abertzalearen bazterketa erabatekoa izan baita bi urte hauetan zehar. Ziordiko NaBaiko lau zinegotzientzat ezker abertzaleak ordezkatzen dituen 108 herritarrak hutsaren hurrengoa dira haien egunerokotasunean. Baina hutsaren hurrengoa izanik ere, beldur izugarria diote herritarren masa kritiko horri, eta hori dela eta, bosgarren zinegotzia hartzeko udalbatza egin dute, astean zehar eta goizeko 9:00etan. Ordu horietan egiteko arrazoia argia da: herriak aukeratu zituen EAE-ANV-ko hiru zinegotziak eta ordezkatzen dituzten herritarrak udalbatzara ez joatea. Orain arte, deitzen ez gaituzteen arren, udalbatzetara joan izan garelako, eta haien udal kudeaketa traketsaren lekuko izan garelako. Oraingoan ez dute lekukorik eduki nahi izan. Baina hemendik aurrera ere, munduko oztopo guztiak jarrita ere, EAE-ANV-ko hautetsiok gure lana egiten jarraituko dugu, beti bezala herriaren alde lanean jarraituko dugu eta oposizioa egiten jarraituko dugu. Ziordiko NaBai, bien bitartean, herritarren borondatetik gero eta urrutiago dago. Gogoratu behar da azken hauteskundeetan argi erakutsi dugula ezker abertzalea lehenengo indarra izaten jarraitzen dugula.