Hedabideak dementziaz orokorrean mintzatzen dira, batez ere Alzheimerraz, informazio okerrak edo zatikakoak jendearengan duen eragina kontuan izan gabe. Horrela, pentsa dezakegu oroimeneko edozein arazok erotzera eraman gaitzakeela, baina hori ez da egia. Beraz, "oroimena" edo beste gaitasun intelektual bat galtzea zer den aztertu nahi nuke testu honetan. Ikus dezagun dementzia zer den.Dementzia ez da gaitz zehatz baten izena. Garunaren goi mailako funtzioak hondatzea da, aurreko maila batekin erkaturik, gaixotasun degeneratibo, metaboliko, baskular edo lesio traumatikoen ondorioz (adibidez, traumatismo kraneo entzefalikoa). Lesio horiek disfuntzioa edo neurona galera eragiten dute. Neuronak garuna osatzen duten zelulak dira. Beraz, ikasitako gaitasun intelektualak txikitzea da ezaugarririk nabarmenena eta ez dago "jaiotzetik" sortzen den dementziarik. Egon, badago joera genetikoa dementzia mota batzuk garatzeko, bereziki degeneratiboak (primarioak), adibidez Alzheimerren gaixotasuna eta dementzia frontotenporala baina, garatzeko, beharrezkoak dira beste faktore batzuk. Badira ikerketak (ez eztabaidaezinak) Alzheimerren gaixotasuna prebenitu daitekeela diotenak, gantz-azido esentzial ugari eta bitaminak dituen dieta erabiliz. Azido horiek arrainean daude, gehienbat. Ordea, garbi dago bihotz-hodietako gaitzak harrapatzeko arrisku faktoreak (hipertentsioa, hiperkolesterolemia, diabetes mellitusa eta tabakoa uztea) kontrolatzeak dementzia baskularrari aurrea hartzeko balio duela. Dementzia hori bi hauen ondorio dugu: infartu zerebral (iktus) ugari (pertsonaren erreserba kognitiboa apaltzen dute) edo eremu estrategiko batean gertatzen den infartu bakarra (dementzia fokal sekundarioa). Goian esandakoaz ateratzen da dementzia mota asko eta horien sailkapen ugari dagoela. Sailkapen xumeenetako bat da garunean lesioak non dauden, dementziak horren arabera katalogatzen dituena, buru gaixotasunek ez baitute eragiten berdin garun guztian, baizik eremu batzuetan bai eta besteetan ez. Badira dementzia kortikalak (garunaren azalekoak), azpikortikalak eta fokalak/multifokalak. Adibidez, Alzheimerren gaixotasuna dementzia kortikala da, non lobulu tenporaleko neuronak galtzen baitira. Eskaner batean ikusiko genuke garunaren eremu hori atrofiatu edo txikitzen dela. Lobulu tenporalean daude informazioa lortzeko eta metatzeko egiturak: sistema linbikoa. Horregatik, gaixotasunaren hasierako ezaugarri klinikoa oroimena galtzea da. Beste dementzia kortikalek, Dementzia Fronto-tenporalak adibidez (aldaera frontala) garunaren aurrealdeko azalari eragiten diote eta, horrenbestez, aldaketak gertatzen dira nortasunean eta jokabidean; aldiz, oroimena nahiko mantentzen da, hasieran bederen.Orduan, norbait honetaz edo hartaz ahazten bada, dementziaren hasieran dagoela esan nahi du? Gehienetan ez. Zahartzeak berarekin dakar memoria gutxitzea, batez ere hurbileko gertaera batzuez ez oroitzea eta beste gaixotasun batzuek, depresioak adibidez, eragina izan dezakete.