Duela gutxi jakin dugu Altsasuko PNS-k "A" eredua eskatu duela Txirinbulo haurtzaindegian. Orain arte euskarazko eredua eskaini izan da bakarrik haurtzaindegian, baina bederatzi familiak beren seme-alabak gaztelaniazko adarrean sartu nahi dituzte ikastetxe honetan, eta PSN-k "A" eredua eskatzen du haien "eskubideak" bermatzeko.Ohartu al dira guraso horiek euren seme-alabek eskolaren bitartez euskalduntzeko eskubidea, ikasle guztiek behar luketena, galtzen dutela? Ohartu al dira familia horiek euren seme-alabei bertako kultura eta hizkuntza ezagutzeko aukera kentzen dietela?Azken batean, bederatzi familia horietako gurasoek nahi dutelako beren seme-alabek ez dute Sakanan bertako hizkuntzan bizitzerik izango, horrek dakartzan ondorio guztiekin: gainontzeko haurrekin harremanak izatea zailduko die, haur euskaldunak beraiekin gaztelaniaz aritzera behartuko dituzte, ikasketak egiteko aukerak murriztuko zaizkie, lan egiteko aukerak murriztuko zaizkie, integrazioa zailduko die, heldutan euskara ikastea erabakitzen badute dirutza, denbora eta esfortzu handia suposatuko die...Baina hori bost axola Mª Jose Notario (PSN) eta bere taldekoei, gurasoen "erabakitzeko eskubidea" errespetatzen duten bitartean. Perez-Nievas hezkuntza kontseilaria alde daukate gainera, "A" ereduko gelarik zabaldu ezean Udalak ez baitu haurtzaindegirako diru-laguntzarik jasoko. Eta zer egingo ote du Altsasuko Udalak honen aurrean: Txirinbulo haurtzaindegian ikasleen euskara ezagutzeko eskubidea bermatu, bederatzi familia horietako neska-mutilak "D" eredura bideratuz, ala Perez-Nievasen txantaiari men egin eta Altsasu erdalduntzen jarraitu? Euskara ezagutzea gure eskubidea delako, "A" eredurik ez!!!