Gazte Asanbladako kideek antolatu zituzten luxuzko Gaztewood zein film laburrak Altsasuko Feministek, atseginez ikusi genituen.Hasi aurretik esan beharrean gaude arrakasta hutsa izan dela. Balio handiko ekintza, benetan. Instituzio eta herritar guztiendako exenplu. Gure zorion beroenak, alde batetik, Burunda pilotalekuan 800 lagunek gozatzeko aukera erakusteagatik. Bestetik, ekintza luze eta itzel hauetan horrenbesteko pertsona, koadrila eta kolektibo inplikatu izanagatik.Film labur batzuk oso interesgarriak ziren. Beste batzuk erabat barregarriak. Denetatik izan zen. Laburmetrai guztien musika oso ongi aukeratuta zegoela iruditu zitzaigun.Bost ordu bitartean pantailari erne begira emateak zerbait esan nahi omen zuen.Lorpen hauek guztiak baloratuta gai batzuk aipatu nahi ditugu.Lehena, film batek pasadizo arrazista eta sexistak zituela. Tamalez, horrelako komentarioak askotan edozein tokitan entzun ohi ditugu. Bigarrena, modu berean, orokorrean erabili izan zen lengoaia sexista.Altsasuko Feministen ustez, Gazte Asanbladako kideek behintzat, hurrengo Gaztewood- ari, (edo edozein ekintzari) begira, sexistak edo xenofoboak diren film laburrak eta frontoian entzun genituen monologoak ez lituzkete onartu behar.Azkenik, oso ongi dakigu, ekintza ikaragarri baliotsu honetan neskek ere zer lan garrantzitua egin duten. Haatik, film laburmetraietan oso neska gutxi aritu da, eta agertu direnak ez paper protagonistetan. Gure ustez, hori gertatzea ez da kasualitea gizarte patriarkalen ondorio bat baizik. Hau da: emakumeei eskupeko paperak ematen dizkiguten bitartean gizonei publikoak direnak eskaintzen dizkiete. Orokorrean aspektu hau ekitaldi hauetan ere begi bistan izan da.Aipatutako ideiek emakume eta gizonen arteko harreman gero eta berdintsuagoak lortzea daukate helburu, (ez inoren kontra jotzea). Gazte Asanbladako kideek film labur eta Gaztewood antolatzearekin batera elkartasuna, elkarlana, partehartzea, etabar... baloreak bultzatu dituzte. Gizon eta emakumeen arteko berdintasunaren aldekoak direla badakigu baita kosta egiten dela gai hau buruan izatea ere. Dena dela, harreman parekatuagoak izanen ditugulakoan gara. Gaztewood egin dutenen eskutik eta hauek daukaten gizarte konpromisoaren bidetik etorriko diren antzeko neska eta mutilen borrokari esker izanen ditugula ziur gaude. Zorionak eta segi aurrera baita borroka feministan ere.