Etxean da Bautista. Izugarri pozten gaitu gure artean edukitzeak, eta ongietorririk beroena eman nahi diogu zutabe honetatik ere. Komunikabideek, astekari honek, eman zuten bere etorreraren berri. Guk bizpahiru gogoeta gehitu nahi dizkiogu etorrerako kronikari. Bautista ez dago aske, preso jarraitzen du, nahiz bizi-baldintza eramanerrazagoetan: oso ordu mugatuetan soilik egon daiteke kalean, ezin da herritik atera, gizartearekiko hainbat harreman debekatuak ditu, astero kartzelara itzuli behar du firmatzera, eta uneoro kontrolatuta dago jarri dioten tramankulu baten bidez.Bautistak kondena azken eguneraino beteta daukala ere esan nahi dugu, eta erabateko askatasunean behar lukeela. Bere gaitza etxean eramanerrazagoa bada ere, medikuen zaintza hurbilagotik egin ahal badiote eta medikuen jarraipenak konfiantza handiagoa ematen badio ere, esan beharra dago Bautistak gaixorik jarraitzen duela, larritasun gordinean, bere osasun egoera latza dela, eta krudelkeria dela askatasun osoa eman ez izatea. Ez dakigu kartzelak sortu zion gaitza, baina kartzelak erabat gaiztotu zuen bere osasun egoera, batez ere lehen aldiko arduragabekeriagatik, gaixotasuna itzulerarik gabekoa bilakatuz eta ondorio larriak sorraraziz. Horregatik bakarrik aspaldi kitatuta zituen Bautistak bere balizko zor denak kartzelarekin eta etxean behar zuen duela urte asko, preso gaixo larri denak etxean behar duten bezala. Izugarri poztu gaitu Bautista hain adoretsu ikusteak, irribarrea ezpainetan, hainbeste urte ondoren herrira bizipozez berriro egokituz. Gure seme-alaba lagunak osasunez eta mentalki gaitasun betean itzuliko diren esperantza areagotzen digu guzti horrek. Kartzelak, kartzelako krudelkeriek ez dituztelako kikilduko. Bautista etxean hain adoretsu ikusteak, gure senide presoei babes osoa eskaintzeko konpromisoa indartu digu. Ongi etorri Bautista.