ALTSASWOOD (Muztioa mustu ito gabe)

Raf Atxuri 2009ko uzt. 10a, 00:00

Garagarrilaren 29an San Pedrozelaik Sherwoodeko basoa ematen du, Robin Hood ugari eta fraile gizenen bat barne. Nothingam aldeko haritzak baino osantsuagoak daude gure haritz sendo eta oparoak. Sendo, oparo eta sakonak  halaber  solasak  aurtengoan ehunkidun arbola santuen azpian.Hizketagai horietako bat Altsasuko feministek Gaztewood-en aitzakian egindako hausnarketa zorrotza izan zen. Bada, Guaixen argitaratu eskutitzak bat baino gehiago aztoratu du eta bazter bat baino gehiago astindu du. Progre, parte hartzaile eta autogestionatua den ekimen batean eduki arrazista eta sexistarik aurkitzen zutelako kezka agertu zuten feministek.  Alkoholki-lurrunez ondutako argudio eta intuizioak aireratu ziren bazterretan. Baten bat niregana iritsi zen eta polemika zinez mamitsua iruditu zitzaidan.Askatasunaren jarduera libreak honelako kalteak dauzka, askatasunez aritzean dena oso ongi dago gure sentimenduen mintz minberak ziztatzen dituen arte. Ez naiz murgilduko eztabaidaren muinean, ustezko eduki arrazista eta sexistak jomugan baina axaleko irudipen merke antxa bat botako dut lerrootan. Ekimena Altsasun sortu eta gauzatu da eta Altsasun sorkari artistikoek koxka transgresore eta ikonoklasta izaten dute maiz. Halaxe gertatu da Gaztewooden eta hori, adiskideok," kontrolatzea ezinezkoa don". Bestelako transgresio latzik ere izan zen aurtengo San Pedrotan. Jai hau guztiz bakikoa da eta ardoa ezinbesteko protagonista da, Kanaango ezteiak gogora eta kolkora ekarriz. Bada, ardoak estraineko aldiz lehiakidea uraitu du  zilarrezko barkilloetan,  muztioa hain zuzen ere. Eta ezin esan arraskatsua suertatu ez denik, goizeko hamaiketan bere emaria (30 litro) idortua zen. Ardoari nagusitasuna bukatzen ari zaio? Zenbat urte barru muztioa gailenduko?  Apustuak onartzen ditugu. rafatxuri@kaixo.com