BADATOZ OPORRAK

Joseba Bakaikoa 2009ko uzt. 17a, 00:00

Uztailean eta  batez ere abuztuan, badakigu aukera dugula urtean zehar daramatzagun ardurak alde batera utzi eta beste era batera bizitzeko.Urtean zehar aurreratu duguna orain gastatuko dugu, arazorik gabe. Gure burura hainbeste leku ezberdin datorkigu!Daukagun dirua gurea da eta nahi duguna egiten dugu gurea denarekin. Gurea? Zergatik? Nork sartu gaitu pentsaera honetan? Noiz ikusiko dugu daukaguna, soberan denean, ezer ez daukanarekin erdibanatzeko dela? Tentelkeria da hau? Ez al da benetako tentelkeria daramagun bidea? Gero eta jende gehiagok ez dauka ezer eta askoz gutxiagok denetarik daukagu; ez bakarrik hau, diru gehiago eduki nahi dugu ez zaigulako iristen nahi ditugun  gauzak erosteko. Jokabide hau aldatu  ezean ez dugu eraikiko pertsona muina duen gizartea , inoiz ez!Nik ez dut festa zapuztailea izan nahi. Nik ere oporrak behar ditut eta izango ditut opor egun batzuk, baina beste modu batean biziko dut neure oporraldia; eta gustura gainera.Gure artean jende asko dago gure martxa jarraitu ezinik. Orri honetan, hauetako familia bati buruz hitz egin nahi dut gaur. Gurasoen  izenak Jadis eta Diego dira eta Paraguaitik etorri ziren duela zortzi urte. Familia honek aukera bakarra dauka: bizi den pisuaren errenta ordaintzea edo hau ordaindu gabe jatea - gutxienez egunean behin- Bikoteak bi alabatxo ditu: Maira eta Maria, 6 eta 8 urtekoak. Neskato hauek ez dute ezagutzen beren gurasoak jasaten ari diren egoera. Beraiei ez dagokie "zenbakiak egitea", ezta ere daukaten hipoteka negoziatzea. Badaramatza hilabete batzuk ordaindu behar duena ordaindu gabe eta horrela jarraitzen badute, kale gorrira joan beharko dute gurasoek  eta alabek.Familia honetan duela sei hilabete sortu ziren arazoak. Familiako gizona lanik gabe geratu zenean. Berak  igeltsero laguntzaile moduan lan egiten zuen eta jadanik ez da etxerik eraikitzen.Familia hau, beste asko bezala Karitasen bulegoan egon da, baina ez dago agertzen diren guztien arazoak konpontzeko beste diru. Daukagun dirua, gurea al da?Opor ederrak bizitzea opa dizuet.