Urteak bete ahala eremu kognitiboak hein batean aldatzen dira. Arazo gehiago ditugu izen propioak ikasteko edo haietaz oroitzeko ("zerbait mingainaren puntan daukat" esaten dugunean) pentsamendua geldoagoa izaten da informazio asko erabiltzen dugunean edo denbora gehiago behar dugu erabakiak hartzeko. Ohiko zahartzearen aldaketa hauek dementzia degeneratiboetatik bereizten dira, ez baitira progresiboak, hau da, ez dira askoz ere gehiago handitzen eta pertsonak bizimodu normala eraman dezake.Pertsona bati "dementziaren diagnostikoa" egiteko, hauxe bete beharra dago: gaixoak andeatze kogntiboa izatea garunaren goi mailako bi funtziotan edo gehiagotan (oroimena, hizkuntza, gauzak ezagutu edo identifikatzeko ahalmena, mugikortasunarekin loturiko jarduerak egiteko gaitasuna, gogoeta), eguneroko bizimoduan ondorioak izateko mailan, esaterako: nork bere burua zaintzeko gaitasuna, familiako edo besteekiko harremanei edo lanari eusteko ahalmena. Beraz, pertsona bat gainbehera baldin badoa zenbait esparru kognitibotan, oroimenean eta gogoetarako gaitasunean esaterako, baina horrek eraginik ez badu bere burua zaintzeko (garbitu, jantzi eta erantzi, bizarra egin, erosketak egin, sukaldean aritu, etxeko lanak antolatu...) edo lehenago zailtasunik gabe egiten zituenak egiteko (kartetan jokatu, egunkaria irakurri eta ulertu, baratzean lan egin...), ezin da dementzia sindrometzat hartu, baina, jakina, aztertu beharko luke medikuak.Badago beste prozesu bat, gaitasun kognitiboetan eragina izan eta dementziaren antza har dezakeena: depresioa. Depresioak nahasteak sor ditzake oroimenean, ibileran, baita haluzinazio bisualak ere (gaixoak ez dauden gauza edo pertsonak ikusten ditu), edo eldarnioak edo errealitateaz kanpoko usteak (dirurik gabe gelditzen ari dela, familiakoek abandonatu nahi dutela...). Halakoetan ere ezin genezake eman dementziaren diagnostikoa, eta gaixoa aztertu beharko genuke depresioa sendatu ondoren, nahaste kognitiboak bere horretan ote dauden ikusteko.