Goierri eta Sakanako Udalek aurkeztu eta egin duten "Mugabe" ekimena ikusteko aukera izan dugu azken egunotan, Aralarren uztailaren 12an ospatu zena.Ekimena Goierri eta Sakanako udal guztiena balitz bezala aurkeztu da, baina ez da horrela izan, Sakanan behintzat ez. Izan ere, ekainaren 30eko Mankomunitateko batzarrean (12 egun lehenago) izan genuen Sakanako hautetsiek ekimenaren berri. Informazioa eskatzean, esan zitzaigun egun horretan Aralarren alkateak bildu eta gazta eta ardoa banatuko zela, eta bi zonaldeak komunean gauza asko ditugula. Eta bi hilabete (bi hilabete!) lehenago Maider Goñi, Miguel Angel Zubiria eta Unai Uhalde Goierriko hautetsiekin bildu zirela.Data eta egitaraua erabakia zegoen, eta ezin izan zen inolako ekarpenik egin. Ondorioa garbia da: ekimena txapuza bat izan da.Halere, ekimenari eman zaion garrantzi informatiboarekin ezkutatu nahi izan da argi ikusten den seriotasun eta gardentasun falta. Zenbait instituziok, edozein gauza antolatuta ere, beti dute zabalkunde mediatikoa, herrikoiak ez izan arren, eta txapuza galanta izan arren.14 urte dira Sakana, Goierri eta Lautada elkartzen dituen aldarrikapen festa bat antolatzen dela Ziordian. "Muga guztien gainetik, independentzia" lelopean, ekimen herrikoia egiten da hiru herrialdeen mugan dagoen Hirumuga mendian. Urte luzeetan mendi igoerak, herri bazkariak, herrialdeen arteko kirol lehiaketak, mus txapelketak, etab. antolatu izan dira Hirumuga festan. Baina komunikabideek sekula ez diote eman Mugaberi eman dioten zabalkundea. Herrikoia delako? Aldarrikapen kutsua duelako? Hala ere, festa hori askoz ere hobe antolatzen da, eta udal bakoitzeko gobernuen borondateen gainetik egiten da, herritik sortutako festa delako.Euskal Herriko herrialdeen arteko anaikidetzak bultzatzearen alde gaude, gure bizilagunekin ezagutza eta lana komunean jartzearen alde gaude. Inposatutako mugak gainditzearen alde gaude. Baina ongi egin behar da. HIRUMUGA bezalako ekimen herrikoiak behar dira, maila ezberdineko ekimenak izan daitezke, baina beti ere gardentasunean eta parte-hartzean oinarritutakoak.