"Alain Berastegi arbizuarra, bahitu, torturatu, jipoitu eta mehatxatu dute 7 orduz, espainiar indar armatuekin kolaboratu dezan exijituz". Bai, oraingoan sakandar bati tokatu zaio, duela 2 hilabete Landerri eta duela 3 Jon Anzari bezala. Zorionez Alain herrian daukagu.Euskal Herrian sigla ezberdinez jantzita edo eta zuzenean uniformea erantzita beti bizi izan ditugu gerra zikinaren atzaparkadak. Gerra zikina, tortura, jipoiak, jazarpenak... Estatuak, independentziaren aldeko borroka gelditu nahian, baina ezinean, erabiltzen duen tresna errepresiboa da. Euskal Herritarron gehiengoak nahi dugun aldaketa politiko+soziala galarazi nahi dute, aldaketa hori portu onera eraman dezakeen motorea gripatu nahi dute, ezker abertzalea, eta helburu hori lortzeko asmatu ditu asmatu dituenak: legedi bereziak, epaitegi bereziak, dispertsioa, tortura, ilegalizazioak, putxerazoak... eta gerra zikina.PSOEk errepresio basatiaren aldeko apustua egin du, itxurak ere alde batera utzita. Momentu honetan, bera da errepresioaren erantzule nagusia, eta bere kolaboratzaile, beste aldera begiratzen duten alderdi, sindikatu zein komunikabideak. Herri honetan gertaera oso larriak ematen ari dira azken hilabeteetan beste aldera begiratzen jarraitzeko. Ustez, defendatu eta babestu beharko gintuzten agintari eta erakundeek behatzik mugitzen ez dutela ikusteaz aspertuta gaude. Herri harresi bat eraiki behar dugu gehiegikeri honen aurrean. Elkartasuna adierazi, babesa eman eta mobilizazioak dira STOP! esateko modu egokia. Gure haserrea eta ezadostasuna adierazi beharrean gaude.Salaketa publikoak, herri antolaketa eta mobilizazioak geldiarazi dezake gerra zikina. Eraso hauen helburuetariko bat erasotua eta bere ingurua beldurtu eta anulatzea baita. Erasotuak, sentitzen duen amorru, inpotentzia eta beldurrak, konpartitzea beharrezkoak dira. Era berean, erasotuari, herriaren babesa eta elkartasuna helarazi behar zaizkio, erasoa modu pertsonalean bizita ere, eraso horren izaera eta zentzua konfrontazio politiko baten ondorioa delako, kolektiboa, herri baten bizi iraupenaren aurkako erasoa.Denok gara Alain, Lander edo Jon, eta horrela sentitu behar dugu. Euskal Herria nazio bat dela pentsatzen/sentitzen dugun guztiok izan gara erasotuak.Errepresioari plantoa egitea sano bezain beharrezkoa dela deritzogu, eta aukera izanen duzu; datorren larunbata 8, 19:00etan Arbizun eginen den manifestaldian parte hartzen.