Guaixekoek euren astekarian parte hartzeko aukera eman zigutenetik dagoeneko urtebete pasa da. Hil hauetan zehar emakumeekiko diskriminazioari buruzko geure iritziak kaleratu izan ditugu. Lehenbizikoan, emakumeen enplegu-tasa beti gizonena baino baxuagoa izan dela aipatzen genuen. Hartan, krisiaren aurrean emakumeak eta haien arteko etorkinak sentikorrenak izaten direla argudiatzen genuen.Emakumeen kontrako indarkeriaren salaketa behin baino gehiagotan egiaztatu egin dugu eta erakunde politikoei emakumeek erasorik ez pairatzea eskatu genien. Beste batean, abortuaren lege berria kritikatu egin genuen emakumeen eskubideak epaitzen dituelako eta ez baitu bermatzen abortua osasun publikoan segurtasunarekin, doakotasunarekin zein atentzio osoarekin. Altsasuko Feministak abortua libre eta doakoa aldarrikatzen genuen. Horren harira Emakumeen Arretarako Zentroek (COFES), heziketa sexualari zein prebentzioari dagokienez, atzerakada nabariak nozitu dituzte, hauek jasotzen duten zerbitzua mugatu eta ikuspegi guztiz kliniko batetik landuz esaten genuen.Diskriminazioarekin amaitzeko askoz baliabide gehiago behar direla. Tratu txarrak eta erasoak etengabe ematen direla, gure soldata gizonena baino % 30 txikiagoa dela, agure eta umeen zaintza gure esku dagoela.... Era batean edo bestean, mundu berdintsuago bat eraikitzeko beharrezkoa dela eta horretako ezinbestekoa, borroka feminista berretsi nahi izan dugu.Bukatzeko, azken agerraldi honetan Guaixekoei eskerrak eman nahi dizkiegu beraren orrien arteko tarte bat uzteagatik. Izan ere, kosta egiten da "feminismo" instituzionala ez denaren oihartzuna komunikabideetan entzutea.