BETAURREKO ILUNAK

Raf Atxuri 2009ko ira. 11a, 00:00
Armairuan gordetzeko egunotan udako kronikaren hondarrak  itsasten zaizkigu oroimenaren saihetsen batean. Etxean emaniko egunak eta beren gurpil mantsoa, alperreko gintza horietan pasatako orduak, pasiera lasaiak eta igerilekuko ordu goxoak , lagun zaharrekin edota ahaideekin eginiko bazkari edo afaria, aspaldi bisitatu gabeko baso eta jai hura, begiz jota genuen eta azkenik ezaguturiko bazterra.Bidaian egindako uneak ere MB ugaritan bildurik gelditzen dira urteen igaroarekin  ahazturaren gordailuan aterpe hartzeko. Gaztelu eta elizak, hondartza eta oihanak, museo eta natur parkeak, janari minak eta doinu malenkoniatsuak, egunsenti apartak eta ilunabar ñabarrak. Zeinek bere lilura eta misterioarekin, bere mikatz eta destainarekin.Orain egunerokotasunerako itzuleran arduraz bildu eta gordetzen ditugu udako jantziak eta hotzerakoak prestatzen, zer eginen diogu ba, gurean lau urtaro baino bi, hots, uda bere berri, goien eta azkenarekin eta negua, eta garai honetan argiaren urritzeagatik baten bat penatzen bada ere haize zurrunbiloen esperan gaude, haize berri horiek zer ekarriko.Bestela ere, udaren azken honek  jaietako bigarren sorta dakarkigu alai eta tentagarri. Ziordian eta Altsasun festaburu, Jaun Done Mikel jaiak Olatzagutian eta Uharten, Etxarriko eta Altsasuko feriak, eta aurreko guztiak gutxi balira aurtengo Oinez  Berain azpiko lurretan. Hauek bai lanak eta estualdiak !!!Einn?  Oraintxe gogorarazi dizkidate Lizarragako azaroko festak. Horiekin ba omen dakar lehen elurra.  Ziurrenez beste festaren bat aipatzeke utzi dut. Hau depresioa!!!