OPORRAK

Adelaida Kintana 2009ko ira. 18a, 00:00
Beti entzun dugu oporretara joateko helburua deskantsatzea dela.  Beraz, ni ere oporretara joan naiz xede horrekin, soinuek duten garrantziaz ohartu naiz, ordea; eta joan baino nekatuago itzuli naiz.Gau batean lo ezinik nengoelarik konprenitu nuen hain gazte ez den hainbat jendek esaten duenean gaur egungo gazteek ez dutela zarata besterik entzuten, gaztetxeetan edota festetan rock gogorra eta, ez omen da musika zarata baizik, jende horren irudikoz, noski. Honekin adierazi nahi dut jende hori ez dagoela ohituta musika mota hori entzuten eta arrotz eta itsusi gertatzen zaiola.Horrelako zerbait gertatu zait niri oporretan gauez entzun ditudan soinu eta azantzekin. Bizitzan zehar hainbat soinu aditzeko ohitura hartu dut, beti ere gauean esnarazten ez nautenak eta atsegin ditudanak.  Txikitan, esaterako, zakurren sau-saua, katuen urrumak eta miaua, Urbasako haizearen ulua, oilarraren kukurrukua, ardien bekerekea eta hostoen hotsa. Gaur egun, berriz, beste soinu batzuetara ohitu gara: kamioen burrunbak, autoen zaratotsak, Porlandegiko zurrumurrua. Honaino ongi.Baina oporretan lehenengo hiru egunetan ez dut begirik bildu.  Tokian tokiko soinuak entzun ditudanean begiak zabal-zabalik izan ditut, hurrengo egunean zonbi bat bezala ibiltzeko loaren falta zela eta.Niretzat harrigarriena zen eguna ilundu bezain pronto hasten zirela kantari kilkerrak beren kir-kir nekaezin horrekin, igelak ti-tití, ti-tití (tildea erabiliko dut ikus ditzazun soinu ezberdinak), beste animalia batzuek txu-iiiiií, txu-iiiiií, baina okerrena kunkun txiki-txiki batek egiten zuena: kookí, kookí, bukaezina, jasangaitza, soinu karrankaria. Eta, gainera, soinu horiei guztiei gehitu haizearen furrunda, euriaren zaparraden zaratotsa eta itsasoaren danbatekoak harkaitzen kontra. Eta zarata horiek guztiak batera!Apika behar ez nuen tokira joan nintzen eta gure aitak arrazoia dauka: Non hemen baino hobeki?akinlo@euskalerria.org