Uda amaitzearekin batera, EHE ere ikasturte berrirako prestatzean hasi da. Ikasturte berria hasi dugu, bai, baina euskaldunok bigarren mailako herritarrak izaten jarraitzen dugu, hizkuntza eskubideen urraketa ugari baitugu oraindik Sakanan:Udaletxeetan euskaldunoi ematen zaigun zerbitzua ez dago erdaldunei ematen zaienaren mailan; Osasungintzan ere etengabe jasan behar izaten dugu zerbitzu erdalduna (medikuekiko tratamenduan, paper-tramiteetan...). Bestalde, paisaia linguistikoak ere bigarren mailako herritar gisa jartzen gaitu euskaldunok, euskara agertzen ere ez duten seinale, kartel, errotuloz... inguraturik baikaude. Aurreko ikasturtean sinadura bilketa egin genuen Altsasuko Udalari kale-izenak euskalduntzeko eskatuz, baina askok eta askok gaztelania hutsez jarraitzen dute. Jakina da baita ere egungo irakaskuntzak ez duela bermatzen ikasle guztiek euskara ikasiko dutenik. Kasurik agerikoena A ereduarena da, nahiz eta D ereduak ere hiru ikasletik soilik bat euskalduntzen duen. Horrez gain, lan munduan ere ez dago aukerarik euskara hutsez aritzeko. Horrek guztiak gure hizkuntza eskubideen aurka egiten du zuzenean.Azken hilabeteetan egin dugun bezala, datorren ikasturtean ere A ereduaren kontrako borrokan arituko gara buru-belarri. Izan ere, haur bat A ereduan matrikulatzeak zera suposatzen du: haurrari euskara ezagutzeko eskubidea ukatzen zaio, gainontzeko haurrekin harremanak egitea zailduko dio, ez ditu bertako hizkuntza eta kultura ezagutuko, ikasketak egiteko aukerak murriztuko zaizkio, lan egiteko aukerak murriztuko zaizkio, analfabetoa izango da euskaraz, integrazioa zailduko dio etab. etab. Gainera, heldua denean ikasi nahi badu dirutza, denbora eta esfortzu handia eskatuko dio.Horregatik guztiagatik, ikasturte berri honetan ere EHEk tinko jarraituko du lanean, euskara menpekotasun egoeratik lehentasunezkora pasatzeko helburuarekin.Euskaraz biziz Euskal Herri euskalduna eraiki!