" ARRAIN ABISALAK". MARTIN eta XABIER ETXEBERRIA.

Izaskun Etxeberria 2009ko ira. 25a, 00:00

Xabier eta Martin Etxeberria Garro (Zarautz, 1974) anaia bikiak ditugu eleberri beltz honen egile. Ez da elkarrekin idazten duten lehendabiziko liburua, aurretik bi nobela eta gazteendako zenbait liburu  ekoiztu baitituzte, baina bai  potoloena: biok gara genero horren irakurle porrokatuak eta bagenuen nobela beltz bat idazteko gogoa.... Baina alferkeria ere izango da akaso biak elkarrekin lan egitearen arrazoietako bat, izan ere, bi izanda lan erdia egokitzen zaigu bakoitzari...Bi buruk sormen gaitasun handiago dute eta ikuspegi anitz, lan aberatsagoa izan ohi da.Zarautzen bertan, gutako edonork ezagutzeko moduko geografia, kokaturiko istorioak eleberri beltz klasiko baten osagarriak dauzka: hasieratik hildako bat dago, eta gero ikerketa dator. Perez hil du baten batek eta protagonisten mesfidantzak hasten dira. Susmagarrien jolasa ere hor dago. Pertsona arruntekin  gauzatu dute nobela: Tasio, Ugarte, Arantxa, Virginia, Xanti, Miel, Olaso eta Perez, gure bizilagun edo koadrilakideak izan litezkeenak,  Ilargi tabernan mikrokosmos txiki bat osatzen dutenak. Guztiak dira hilketa horren susmagarriak. Guztiek sekretuak dituzte.Itsasoa ere beste pertsonaia bat da, pertsonaia guztiek badute harremana itsasoarekin. Itsasoan daude arrain abisalak, sakonera handian bizi direnak, baldintza gogorretan, eta ur azalera atereaz gero, lehertu egiten dira. Nobelako pertsonaiak ere halakoak dira. Benetako pertsonetan daude inspiratuak.Bestalde, edozein polizia eleberritan bezala, jolasak amaigabeak dira hiltzailea nor den asmatzeko. Ez da korapilotsuegia. Erdi Aroko hildakoen kondairak eta gaur egungo tabernetako parrandak nahasian aurkituko ditugu zarauztarren azkeneko lan honetan.Erritmo bizia, euskara ulerterraza.  Kapitulu laburrak eta ugariak. Gu saiatzen gara idazkera ez gehiegi konplikatzen eta irakurleari irakurterraza egiten...esaldi laburrak izan ohi dira, elkarrizketa asko dago, deskribapen gutxi, erritmo azkarra da...Hasi eta buka irakurtzeko moduko liburua egin dugu, bai argumentuak harrapatu egiten duelako, bai irakurterraza delako.Gure nobela ardoa balitz, txakolin beltza izango litzateke, Zarauzko Talaiberrik txakolin beltza ekoizten du, beltza da gure nobela ere eta bi urte egon da barrikan. Gainera, txinparta ere badauka, gatza edo umorea sartzen saiatu garelako.