Bide guztiak ez omen dira errazak. Bi urtez hainbat aldapa igo eta hainbat gainbehera jaitsi ondoren badirudi bideak hartu duela zegokion itxura. Lakuntza, Arbizu eta Arruazuk emango diote gorputza, milaka oin eta esku ezezagunek denbora guzti honetan egin duten lanari. Izan ere, Nafarroa Oineza ez da egun bat soilik, makina bat egun ere badira, makina bat buruhauste eta izerdi. Eta guzti horren helburu eta ondorio da Euskal Herri osotik etorritako milaka ta milaka oinek zapalduko duten bidea. Bidea da lan honen gorputza, Euskara da ahotsa. Pausoz-pauso, hitzez-hitz bagoaz bidean aurrera, Euskara dugularik euskarri, txikitasunean handi, beste hizkuntz gutxitu batzuekiko lokarri. Nafarroa Oinezak munduko eta bertako hizkuntz txiki eta gutxituekiko elkartasuna ere adierazten duelako. Beraz, urrats bat beste batekin batera ematera bultzatzen gaituena badugu: Euskara. Txikiek ere ba omen dituzte oinak, handienak haina. Izan ere, umeak dira ikastola bateko protagonistak; beraiek dira txikitasunean handi; beraiek dira lotan geratzen ez direnak ametsak eginez, amets kontuetan haiek baitira irakasle, jakitun... handi. Badugu bidea, badugu hizkuntza; gorputza eta ahotsa. Bagara makina bat lagun, haur, zahar, gazte eta emazte; makina bat esku eta oin elkarlanean, elkarlaguntzen. Badugu ametsa, bizirik gaudela jakinarazten digun bihotza... herria. Ikastolak herritik eta herriarentzat sortutako ibilbide direlako. Gorputzetik ahotsera, ahotsetik bihotzera. Euskararen bideaz, bidean euskaraz, badabil jendea herria eginez. Urriak 18 guztiok Nafarroa Oinezera!