EMAKUMEOK GURE GORPUTZAREN JABE!

Bilgune Feminista 2009ko urr. 9a, 00:00

Abortatzeko eskubidea Euskal Herriko mugimendu feministaren sorreratik aldarrikatu  den eskubidea da; leku askotan mugimendu feministaren sorrera ekarri zuen aldarria. Emakumeon autonomia eta gure gorputzaren gaineko kontrola aldarrikatzen hasi zen momentutik abortatzeko eskubidea presente egon da.Beraz, urteak daramatzagu gure gorputzaren jabe garela aldarrikatzen. Etenik izan ez duen borroka dugu, emakumeok gure ugalketa eta sexualitatea erabakitzeko askatasuna izan duena beti helburu. Ama eta emaztearen papera hamaika modu ezberdinetan inposatu digun jendarte honi aurre egitea izan da mugimendu feministaren zeregina hasieratik.Urteak dira abortua partzialki despenalizatu duen legedi bat sufritzen dugula. Egungo legediak haurdunaldiaren borondatezko etenduraren pribatizazioa eta, bide batez, atentzio ginekologiko orokorragoa sustatzen du. Ez da bermatzen abortuaren balizko legaletan hori zentro publikoetan eginen denik. Are gehiago, datuek erakusten dute soilik kasuen %3an egiten dela zentro publikoetan. Are larriagoa dena: Autonomia Erkidegoan, ez da inoiz zentro publikoetan egiten. Gurea, kasu larrienen artean dago: hainbestetan salatu dugun bezala, Nafarroan ezin da haurdunaldiaren etendurarik egin, ez osasun publikoan ezta pribatuan ere.Azkenaldi honetan, komunikabideetan, jendartean, etab. hurrengo eguneko pilularen gaia pil-pilean dago. Beste behin ere emakumeon gorputzaren eta osasunaren inguruko eztabaida. Beste behin ere emakumeok gure gorputzaren eta osasunaren inguruan erabakiak hartzeko zailtasunak eta iskanbila. Beste  behin ere emakumeon eskubideak zapalduta.