Hauxe da krisi guztien ama!!!. Erregulazio espendieteak, kaleratzeak, kontratazio murrizketak nonahi. Nafarroako Gobernuak olatua atxiki eta bere EREa ezarri du modu aski bitxian. Enpresako nagusiak zaplasteko bat emanez langileetako bi firikan bota ditu gobernutik kalerik gorrienera bidaliz.Gertatu denaren azken eragilea aztertzera gure harridura aregotuko da nahasmeneraino. Euskararen legearen barruan halako aldaketa nimiño eta hutsalak ( lau herri, lau) UPNren hesteak urratzerainoko amorrua sortzea ez dugu aise ulertzen. Are gutxiago kontuan hartzen badugu CDNren bozek ez zutela baiezkoa edo ezezkoa aldatzen. Edo apika antzespen hanpatu bat izan da eta benetako arrazoiak beste batzuk ziren.Nolahani ere arrain handiak ttikia jaten du, hori omen da itsasoko legea. Pérez Nievas eta Esparza bere puskak biltzen eta bulegoetatik ateratzen ikusi ditugu argazkietan. Duintasunik ez zaie falta izan:" Bozkatu esaten dizueguna edo etxera". Bidegurutze latzean etxerako bidea hartu dute, menturaz sekulako. Eta bidaiatxo honetan erakutsi digute itxurak gordetzen behintzat jaikin dutela. Nagusien esanetara otzan-otzan berriz makurtzea hezur goxo baten truke gehitxo izan zitekeen oraingoan eta basamortuko bideari ekin diote burua tente.UPNk eskuineko muturretik azpiak jaten ari zaizkiola jakitun bazter ezagun batera jo du eta euskararen aurkako gurutzadaren larrera bazkatzera joan da PPren kemen espainolistak izutua.Izan ere izutzekoa eta kezkatzekoa da oso boz batzuen truke euskararen garapentxo posibleari adaska xumeak lepatu, kimatu eta mozten ibili beharra.Urriaren 18an, Berain azpian arrain ttikiari ura, landare xumeari lur gozoa eta etorkizun itxaropentsuari arnasa emateko beste aukera bat dugu . Etxarriko azken Oinez-en blues batek honelaxe zioen: „ Inoiz baino gehiago Oinez". Orain ere halatsu.