LAN DUINA

Adelaida Kintana 2009ko urr. 16a, 00:00

Urriaren zazpian lan duinaren nazioarteko eguna ospatu zen.  Ohitura bitxia hartu du gizarteak, edozein egunetan "zernahi"ren eguna ospatzeko, bizitzaren egoerek aginduta, noski.Eta egun hori ospatzeak grazia egiten dit, garai batean ez baikenuen ezer ospatzen, baina orain krisi garaian lan duina aldarrikatzen dugu.Grazia egiten didala diot, duela oso gutxi erabat harritu eta aho bete hortz utzi ninduen albiste bat entzun nuelako:  Francisco González BBVAko presidenteak etxera bidali zuen Jose Ignacio Goirigolzarri, bankuko kontseilari ordezkaria; baina hori bai: 3 milioi euroko jubilazioa poltsikoan eramanda. Badakit ezjakina naizela baina zero horiek guztiek ihes egiten didate eta, aldi berean, eskandalagarriak iruditu. Zer egin ote du gizon horrek zifra eder hori merezi ahal izateko?Okerrena da nire ingurura begiratzen dudanean bestelako errealitatea ikusten dudala: langabezia gora doa, Sakanan krisia dela eta, langile asko lanik gabe edo lanaren eskubidea aldarrikatuz borrokan dabiltza, esate baterako, Sunsundeguiko langileak, berdin Isphordingeko langileak eta zerrenda bukaezina litzateke enpresa txikietan gertatzen dena kontatuko bagenu.Langileoi sinestarazi nahi digute krisi hau ikaragarria dela.  Nola uler dezaket nik krisian gaudela entzuten dudanean batzuek (deitu politikariak, bankariak, futbolariak...) milioiak eta milioiak kobratzen dituztela?Hori ez da krisia, baizik eta sistema kapitalistak badakiela sosak ongi banatzen.  Nola aldarrikatuko dut nik lan duina?  Ez genuke aldarrikatu beharko sosa horiek banatzea, krisia langileek bakarrik jasan ez dezaten?Nire ustez, ez da krisi ekonomikoa, gizakiaren krisia baizik. Nazkagarria zinez.akinlo@euskalerria.org