NIRE ANAIA TXIKIARI

Ramon Arratibel, "Rayo" 2009ko urr. 16a, 00:00

Ai nire euskara hunkigarria, ez zaitut ikusten, baina sentitzen dut zure arnasaren berotasuna Beriaingo tontorrean. Nork ez luke esango zu zarela gure Nafarroaren askatasuna?Mendian sentitzen dut zure haizearen goxotasuna, baina kalean ez dut sentitzen zure garrasia. Tristura ematen dit zure arnasaren lurrina ez ikusteak bailara inguru honetan. Agur nire euskara zoragarria, bihar maiteago izango zaitut gaur baino. Hizkuntza ederra, badakit nire inguruan zabiltzala, baina ez ezazu ihes egin nire ahotik. Badakit mendian zaudela, ager zaitez niri lagun egitera Sakanako herrietako kaleetara, zu gabe ezin naiz ibili oinez gure baserrietan. Hainbeste maite zaitut ezen eta mendi gailurrean eserita, handik ikusten ditudan gure herri honen lur zabal eta mendi eder guztiak. Nire ondoan daukat euskara, gure herriaren hizkuntza, bera da Nafarroaren gurpila. Badakit etsai asko dituela gure lur zabal honetan, baina jarrai dezagun denok lagunduaz gure euskarari; bera ohartuko da pozik dagoela gure ondoan. Orain hitz egiten dit gure euskarak: "aizu Ramon, ez nazazu ihes egin. Ni zure ondoan nago, pozik zure alboan, ikusten zaitut, zuk ez nauzu ikusten. Oso kontent nago zure inguruan, zu bezalako lagunak behar ditut mendiz mendi ibiltari ibiltzeko, herriz herri, baserriz baserri, kalez kale, euskaltegietan, ikastoletan, tabernetan, elkarteetan... Badakizu, Ramon, ni naizela herriaren gidaria eta askatasuna, baina ahoz aho eta eskutik eskura ibiltzen ez banauzue, ito egingo naute. Ez dut ito nahi, baizik herri hau askatu! Mesedez, sartu nazazue zeuen belarrietan eta zeuen bihotzean, betiko zuekin bizitzeko". Jaun andreok, zabaldu ateak gure euskarari beldurrik gabe, sar dadila leihotik edo etxeko ate guztietatik. Ibil dadila askatasun guztiarekin gure etxe barruetan, goza dezala uxatuaz Beriaingo harkaitz txoko guztiak. Triste sentitzen naiz ez badut entzuten zure irrintzia Beriaingo tontorretik. Mesedez eskatzen dizuet euskaltzale guztioi, datorren igandean Nafarroa Oinezera etor zaiteztela, gure hizkuntza goxoarekin Iruñea herri inguru honetara. Entzun dezatela Euskal Herriaren oihartzuna. Eta entzun dezatela ere hizkuntza garbi hau gure inguruko mendiek, beraiek baitira gure hizkuntzaren zaindari. Euskal Herriko zeru zelai ederra, bihotz barruko indartsu zaren lore ederra, zure eztiarekin idatziko dut gure hizkuntzaren izena: euskara.