OGIRIK GABEKO ZIRKOA

Unai Hualde 2009ko urr. 16a, 00:00

Jakina denez, Nerón enperadorearen garaian, Inperioak zituen barne arazo larriengandik atentzioa distraitzeko, herria "despistatzeko", Erromako agintariek formula hau topatu zuten: Ogia eta zirkoa! Hogeita bat mende geroago, hots, egun, gure Nafarroa maitatuan UPN eta PSNko agintariek formula bera aplikatu nahi dute, zertxobait egokitua, hobetua: Ogirik gabeko zirkoa! Hobe esanda: zirko soila, gure Komunitateko zein Estatuko alderdi nagusiak izanda, herritarroi ogia bermatzeko duten gaitasun falta estaltzeko zirkoa. Polemika eta espektakulua sortzen ahalegintzen ari dira egun bizi dugun egoera ekonomikoa eta oraindik ere heltzear dagoen krisi luze, gogor eta zailaren aurrean, gure arreta despistatzeko.Altsasun estrategia honen biktima zuzenak ari gara izaten. Lotsa ematen dit ikusteak, egunero, nolatan alderdi bi horietako toki ordezkariek esku hartzen duten arazo errealak alde batera utzi eta polemikak sustatze lan horretan. Horixe ari da gertatzen hemen, Atarrabian edota Berriozarren kasu, Iruñetik diseinatu eta agindutako ez dakit zer-nolako erabaki estrategikoak bermatzearren.  Hau ez da txantxetako kontua! Egun bizi dugun egoera ekonomikoa, gure herrian zein eskualde osoan inoiz izan dugun egoerarik kezkagarriena bilakatu da jada. Urtetan  Altsasun eta eskualde osoan pairatu izan dugun atentzio eta babes faltak egoera bereziki larria eragin du: UPNren gobernuak sekula ez du aintzat hartu gure hemengo enpresa-ehuna zaharkitua eta zaurkorra. Gauzak horrela, urte bakar bateko epean, Altsasuko Lan Bulegoan langabetu kopurua bikoiztu da aise, eta kopurua gora doa, etengabean.  Ondorioz, eta kanpo faktoreak ere aintzat hartuz, egun bizi dugun egoera larri honetan arduradun argiak daude: UPN eta PSN-PSOE.Recindsa enpresaren itxiera daukagu gogoan bizi-bizirik: 69 langile kanporatuak,  gehientsuenak emakumezkoak. Aldi berean, Sunsundeguin krisia areagotzen da: 276 langileetatik, 77 egon dira arrisku bizian... Isphording Hispaniako langileei heldu zaie txanda gero, 93 langiletik 58 kanporatzeko erabakia aditzera emanez. ERE direlakoak nonahi. Gordin baino gordinago: larri dabiltza gure enpresak, gaixo, eri, hilzorian asko. Familia askotan egoera jasangaitza bilakatu da jada; eta, bitartean, Estatu zein Komunitateko agintariek (UPN eta PSN-PSOE) ez dute irtenbiderik proposatzen, ez dute konponbiderik eskaintzen. Ogia arriskuan eta beraiek zirkoa mantentzearekin arduratuta.