LILURATURIK ITZULI NAIZ

Joseba Bakaikoa 2009ko urr. 23a, 00:00

Andaluzian barna - Malaga eta Sevillan, batez ere- ibili naiz urriko zubi luze honetan, hots 9tik 12ra arte, eta liluraturik itzuli naiz.     Andaluziako jende askoren artean iraultzaren biderako ateak irekita daude, ez daudelako gauzak bere horretan onartzeko prest. Pobrezia sakonean bizi dira asko, baina beti ere itxaropenez beterik.     Sevillan, "Palacio de Congresos" delako eraikin itzelean, mila pertsona baino gehiago bildu ginen. Estatuko leku guztietatik joandakoak, itxura eta mota guztietako jendea. Zertarako bildu horrenbeste pertsona? "Espiritualitateak eta etikak beste mundu posible baterako" leloa ikurtzat hartuz, eztabaida taldetan lanean jardun ginen. Gure mundu hau aldatzeko hartu behar ditugun bideez oso hizketaldi sakon eta ederrak izan genituen, askapenaren teologian barna ere ibili ginen. Baina, batez ere, eztabaida sakonak sortu ziren topaketa ugari izan genuen. Pobrezia 0, askapena - mota guztietakoa- nola bizi e.a. Eta egunei bukaera emateko, jai-giroa. Afrika, Hego Amerika eta Europako hainbat lekutatik etorritako musikalari eta dantzariak.     Topaketaren amaieran, urriaren 12ko eguerdian, Espainiako militarrak Madrilen bereak egiten ari zirenean, gu geurea egiten ari ginen Sevillan. Ia-ia bi mila pertsona kolore alaiz jantzirik eta dantzatzen - batukada talde handi batek alaitzen zuen giroa, Sevillako kaleetan barna gindoazela, udaletxera iritsi arte. Gure martxaren aurrealdean, pankarta handi batek zera zioen: "Gure ama lurraren alde eta bizitzaren merkaturatzearen kontra". Bukatzeko, pertsona batzuen hitzak; ni, hauekin geratu nintzen: "Bakearen Nobel saria ez dagokio Obamari, beste mundu berri baten alde beren bizitza eman dutenei baizik, horiei bai, horiei dagokie". Asko eta asko dira!    Horrela bukatu ziren hango lanak, baina orain bakoitzak bere bizilekuan egin beharko du berea. Konturatu al zara igaro astean, 12tik 18ra, "Pobreziaren aurkako astea" izan dela? Eta? 1000 milioi pertsona pobrezia gorrian bizi dela mundu honetan? Eta? Bost axola al zaigu? Aldaketa sakon bati ekin beharko diogu denok, beste mundu  berri batera iritsi ahal izateko.