Irtenbide baketsu baten bila dabiltzanen sarekada zabala izan da egunotan. Itxaropena ito eta etorkizun normalizatua galarazi nahi izan digute. Sufrimendua areagotu eta luzatuz, kartzelak goraino betez. Hori dena nahikoa ez, eta ETXERAT legez kanpo utziko duten ezpata zintzilikatu digute lepo gainean. Edozer gerta daiteke hemendik aurrera. Senideok izan gintezke hurrengo sarekadaren protagonista. Hau izan daiteke idatziko dugun azken ekarpena astekari honetan. Gure senideen preso-kide bihurtu gintezke edozein egunetan. Gutxien uste dugunean eta gutxien uste dugunen aurka joko baitute. Senide presoak maitatzea, gure babesa eskaintzea, beraien eskubideak defendatzea eta eskubide horien urraketa salatzea, hori da gure delitua. Politikoei gure senideak kartzelara eraman dituen arazoari irtenbide bat bilatzeko exijitzea, hori da egin dugun eta egiten dugun politika bakarra. Iritzi politikoetan ados edo ez, herriaren zabalgo baten babesa dugula jakinez.Gutun batean jasotako testigantza ekarri nahi dugu: "Bidaiatxoak egiten ditut, hartutako postalen bidez. Hemen porlana eta burdina besterik ez dugu eta. Hogei ordu, egunero, ziegan (sare batekin leihoan eta 6 metrora horma) eta gero -egun bat goizean eta hurrengoa arratsaldean- ibiltokira, lau ordu (24 x 5,5 metroko porlanezko kutxa, goian hagak sare batekin, burdinazkoak noski). Hauek dira "jarduerak" eta "bizitza", baina nahi ala ez, ohitu egiten gara, indarrez. Eta herrimina dugu, noski, eta nik batik bat Baionamina, Etxarrimina, alabamina, Zuberoamina eta, orokorrean, Euskal Herrimina (gure bazterrak, mendia, itsasoa, oihanak, landak, gehiena musker gunea eta hemengoa grisa". Horrelako 750 testigantzatik gora ditugu astero kartzeletako bisitetan, gehienetan are latzagoak. Legez kanpo edo ez, baina beren alboan izango gaituzte.