Herri euskalduna berreraiki nahi dugunok sarri aipatzen dugun hitza da ofizialtasuna. Euskaraz bizi nahi eta ezina gainditzeko gako nagusi moduan kokatu izan dugu ofizialtasuna. Baina zer ulertzen dugu, zer aldarrikatzen dugu euskarak ofizialtasuna behar duela esaten dugunean? «Euskararen normalizazioa» hitz-jokoarekin gertatzen den gisara, «ofizialtasuna» terminoaren gibelean ulermen, hainbat aldarrikapen daude. Euskal Herrian euskaldunok pairatzen ditugun legeek ondokoa dute komuna: euskararen estatusa gehienez menpekoa dela tokian-tokian ezarri diguten erdararekiko. Argi dago egoera ezberdinak bizi ditugula batean eta bestean, baina horrek ezin digu errealitate gordina ezkutatu. Euskararen herria asimilatzeko tresna baliagarria da Araban, Bizkaian, Gipuzkoan zein Nafarroa Garaiko zati batean ezarria den euskararen menpeko ofizialtasuna. Inongo lege babesik ez dagoen guneetako euskal herritarrek sinatuko lukete orain dauden egoeratik horrelako batera igarotzea. Hala ere, zatiketaren ondorioz pairatzen ditugun lege guztien oinarrian espainieraren eta frantsesaren nagusitasuna mantentzea dago, asimilazioa iraunkortzea bi erderak lehenetsiz. Beraz, jakitun al gara batzuk zein besteak, asimilazio prozesuarekin bukatu eta herri euskalduna berreraikitzea ezinezkoa dela konstituzio espainiar zein frantsesak, espainiera eta frantsesa hizkuntza nagusi moduan inposatzen jarraitzen diguten bitartean? Inposizio, azpiratze horrekin bukatuko lukeen ofizialtasuna behar dugu euskal herritarrok euskararentzat. Batetik, ofizialtasun horrek Euskal Herriko berezko hizkuntza euskara dela jasoko luke. Bestetik, Euskal Herri osoan euskara lehentasunezko hizkuntza eta ezagutu beharrekoa izendatuko luke. Egun, ordea, ezin diogu geurea den hizkuntzari horrelako estatusik eman euskal herritarrok. Egun euskararen herriak ukatua dauka berreuskalduntze prozesurako beharrezko diren lege zein hizkuntza politika propioak erabakitzeko eskubidea. Egoera honen aurrean ezinbestekoa bihurtzen da hizkuntza politika burujabea garatzeko eskubidea aldarrikatzea. Espainian espainieraren eta Frantzian frantsesaren hizkuntza politika erabakitzen duten bezala, Euskal Herriak euskararen hizkuntza politika erabakitzeko eta garatzeko eskubidea daukala aldarrikatu behar dugu. Bestalde, herri euskaldunaren bidean erdarekiko asimilazioa gainditzea ezinbesteko pausoa izango da, eta maila guztietan euskarari lehentasuna emanez garaitu behar dugu asimilazioa. Hortaz, euskarak behar duen ofizialtasuna asimilazioa gainditzeko halabeharrezko tresna moduan irudikatu behar dugu. Aipatutakoak dira, gure iritziz, herri euskalduna berreraikitzeko aldarrikatu beharreko estatus eta hizkuntza politikaren ezaugarri nagusiak. Hau guztia bideratu ahal izateko jakina da egun Euskal Herria zatitu eta zapaltzen duten markoak gainditu beharra dagoela. Asimilazio prozesuaren berme diren marko hauek osatzen duten amaraunean harrapatua da herri euskalduna egun. Amaraun arrotz honetatik askatu eta herri euskalduna eraikitzeko aukera emango digun eszenatoki, amaraun propioa sortu beharra daukagu ezinbestean. Aldaketa hauek izan bitartean, ordea, euskaldunok badakigu ez daukagula geldi egoterik. Urte luzeetan egin dugun bezala auzolanean tinko jarraitu behar dugu euskararentzat esparru berriak irabazten, zonalde euskaldunak sortzen eta mantentzen, euskarari esparru guztietan lehentasuna emanez erdarekiko daukagun sumisio jokabidea aldatzen... Jardun ezagunak zein ekimen berritzaileak uztartuz herri euskalduna gaurdanik eraikiz. Esandako kontu hauek guztiak dira, gure iritziz, herri euskaldunaren iparra. Konbentzituta gaude bide osoa egiteko, euskararen herrian euskaraz bizi ahal izateko, aldaketa eta ekinbide horiek norabide zuzenean daudela.