Gure mendi eta basoetako zuhaitzak hasi dira udazkena salatzen. Berde, gorri, hori eta milaka kolorek hartu dute urtaro berri honen mezua zabaltzeko lekukoa.Udazken bat proposatu nahiko nuke, bada, hitz-tarte honetan. Bai... udazken bat oparitu nahiko nioke ipar-munduari. Izan ere, munduaren iparraldean bizi garenoi urte guztian eta urte guztietan etengabeko uda batean bizi gaitezkeela sinestarazi digute. Lana egin + aparteko orduak sartu + dirua irabazi - xahutu - bankuekin zorpetu - kontsumitu (Txinako zapatillak, Indiako jantziak, Hegoamerikako fruituak...) - natura bizirik. Hau da formula, eta formula honen emaitza zoriontasuna omen da. Sinesgaitza dirudi, depresio eta antsietatearentzat sendagai gehien hartzen ditugunak gu geu izanik. Munduko ipar zatian bizi gara, baina zalantzan dut iparra sekula geure artean egon ote den. Horregatik beste formula bat proposatu nahiko nuke: lan ordu gutxiago + diru gutxiago + kontsumo txikiagoa (etxekoa, bertakoa, gertukoa) + ingurumenari errespetua = zoriontasuna. Hau da deshazkundearen proposamena, hau da udazkena. Eta bitxia badirudi ere, formula honek + ikur gehien ditu, udazkena kolore gehien dituen bezala. Kapitalismoak, hazkunde etengabeak urte osoan zehar uda saltzen digu telebistaz. Munduaren hegoaldea negu bortitzera zigortzen duen bitartean. Plastikozko loreak saltzen dizkigute, ingurumena basamortutzen ari diren honetan.Betidanik jakin izan dut ingeleraz tximeleta "Butterfly" dela, eta lehen egunean jakin nuen Arbizun "atxiyamatxiya" deitzen zitzaiola. Edota garaiz ote nago "deitzen zaiola" idazteko? Gure esku dago.