Azken urteotan oso ezaguna da Katyn herriko basoetan gertatu zena 1940.urtean. Sobiet Batasuneko Komite Nagusiaren erabakiz 22.000 inguru poloniar herritar akabatu eta ehortzi zituzten Smolensk aldeko herri txiki hartan. Gorputegi erraldoi bilakatu ziren basoetan zuhaitzak landatu zituzten eta sarraskiaren berri eman zenean sobietarrek alemaniarrei egotzi zieten ardura. Erahildako gehienak militar ofizialak izan ziren baina irakasleak, apaizak eta idazleak ere izan ziren garbituak.Polonia da Europako XX. mendeko historiaren hari mardul bat pasatu den herrialdea, jostorratz latzez pasatu ere.Bere historia asaldatuan zehar aldamenekoek zartakoka moldatu dute poloniarren ibilidea, batetik zaldun teutonikoek edo Prusiak, hots, Alemaniak eta bestetik tsarren inperioak edo Sobiet Batasunak, hots, errusiarrek inbasioez eta odolez antolatu dute Poloniako lurraldea. Horiek horrela, behin baino gehiagotan banatu dituzte poloniar eskualdeak etsipen historiko ziklikoaren sentimendua hedatuz belaunaldi askotan.Katyngo gertaeren aitzakian Andrej Wajdak film zurruna egin du, erahildako bat bere aita izan zen eta filmeko elkarrizketa labur bikainetan biziaren muinerainoko gogoetak zukutu ditu. Horietako batean komunismoaren peko egoera berrira egokitutako emakume batek halaxe diotso amorerik eman nahi ez duen ahizpari: „Etsitzea daukazu, Polonia ez da inoiz askea izanen.Urteen joan etorriarekin gauzak zinez kanbiatu dira bai munduan, bai Polonian. Egun hauteskunde homologatuak eta sistema parlamentarioa dituzte eta Europako egituretan barneratu dira. Komunismoaren garaian baino anitzez hobeki daude, zalantzarik ez, poloniar harrotasuna berreskuratu dute eta errusiarren aurkako gotorleku sendoa izan nahi dute AEBei base militarrak oparituz. Artean katolizismorik iluminatuen eta itxienaren mintegia izatea lortu dute. Askatasuna lortuko dute?