Olaztiko Ezker Abertzaleak, Epifanio Marin alkatea izendatu zen udal batzarra egin aurreko egunetan, honako testua eman zien jakitera komunikabideei, agerraldi baten bidez. Inongo zabalkunderik izan ez zuenez, berriro ere esaten dugu: Herriko alkatearen dimisioaren ondotik, Olaztiko Ezker Abertzaleak burutazio batzuk plazaratu nahi ditu egungo egoerari erantzun egoki bat emateko asmoz. Orain arteko legealdiari erreparatzen baldin badiogu, herri kudeaketa gainditu gabeko asignatura bat dela esan dezakegu. CIOk gobernatzen zuenetik egoera normalizatu baldin bada ere, udaletxea herritarren parte hartzera itxita mantentzen da, CIOk markatutako dinamika itxia iraunkortuz. Ezker Abertzaleak udaletxea herriari zabaltzeko dinamikak erreibindikatzen jarraitzen du. Udaletxea gure esku egon denean parte hartzea errealitate bihurtu genuen. Erabaki zehatz batzuk positiboki baloratzen baldin baditugu ere, iniziatiba falta eta aurreko legealdiaren filosofiaren jarraipenak gailendu direla pentsatzen dugu. Bestalde, agintean dagoen taldearen ezegonkortasuna eta elkarren arteko kalapitak nabariak izan dira. Oraingoa, hirugarren dimisioa bi urtetan. Momentuan bizi dugun udaletxe krisiaren aurrean zera adierazi nahi dugu:1.Herri borondatearen errespetua da gure ekinbide politikoaren zutabe nagusietarikoa, herri, sektore edo nazio mailan. Hori dela eta, ez dugu zalantzan jartzen NaBai, zerrenda bozkatuena izanda, berari dagokiola alkate berriaren proposamena egitea. 2.Bestalde, herriaren gehiengoaren interesen defentsan, esan behar dugu EZ GENUKEELA ULERTUKO egungo alkate ordea den Epifanio Marinek alkatetza hartzea. Pertsona honek Cementos Portlanden erraustegia jartzeko dagoen proiektuaren inguruan dituen interes eta hipotekak handiak eta ezagunak direlako herritar guztiontzat. 3.Beraz, izendapen hau Ezker Abertzaleak EZ LUKE ONTZAT EMANEN eta NaBairen gain geldituko litzateke erabaki horrek ekarriko lituzkeen ondorio eta kalteak herriarendako. 4.Ez genuke arazorik jarriko udaletxeko taldeko eta "hipoteka"-rik izanen ez lukeen beste edonoren izendapenaren aurrean. 5.Proposamenik egonen ez balitz, eta Olaztiko interesak buruan, Ezker Abertzaleak arduraz jokatu eta prest legoke udal gobernua hartzeko.