Hilaren 9ko Diario de Navarran irakurri nuen Nafarroa, Euskadi eta Sustapen Ministerioko agintari politikoek Nafarroako Prestakuntza Altuko Tren korridorearen eta Euskal Y-aren arteko lotura gutxi barru enkantean emanen dutela. Gainera, lotura Irurtzun eta Ezkio-Itsaso artean egitearen alde agertu dira. Horrek, amorruaz eta ezinegonaz gain tristatu egiten nau, ez PSOE nazionala, ez PSE, ez PSN ez direlako gai gauzak PP baino hobeki egiteko. Edo UPNkoak edota PNVkoak baino. Gutxienez 2011ra arte iraunen duen krisi gordin betean, nola da posible nafar guztiak gehiago hipotekatzea milaka eta milaka milioi euro gastatuz Aralar eta Andia mendiak zeharkatuko dituen trenbide berria egiten. Kasurik onenean ere ekarriko duen ingurumen hondamendiarekin. Iruña eta Gasteiz Altsasun barna lotzen duen trenbide erdi berria eta ongi egindako korridorea badago. Hori tren zerbitzu honetarako egokitu eta hobetu daiteke, dudarik gabe. Hau guztia, kontuan hartu gabe lan superfaraoniko hauek kontrako taldeen eta erakundeen presioagatik izan dezaketen atzerapena. Ondorioz, segurtasunak eta intzidentzia posibleek hasierako kostuen igoera ekar dezakete. Hala gertatzen ari da ez politikoki ez sozialki adostu ez diren lanetan. Ehunka milioi euro gehiago lirateke. Bukatzeko, nire iritzi apalean, talde politiko guztiei, eta bereiziki Nafarroa, Euskadi eta Espainia gobernatzen dutenei, erregutzen diet benetan ezkerrekoak izan daitezela eta asko zain dezatela beharrezkoa ez den gastua. Besteak beste, osasun, hezkuntza, kultura eta gizarte etxebizitza arloetara bideratu beharko litzateke.