Emakumeon kontrako indarkeriaren gaia konplexua da, jatorri eta arrazoiak ezin dira hitz gutxitan azaldu, gainera orain, azaroaren 25ean, instituzioetatik egiten diren kanpaina, mobilizazio, mezu eta abarrekin egiten dugu topo, izan ere indarkeria egoerak Euskal Herrian eta mundu osoan zehar benetan arazo larria izaten jarraitzen duela esan beharra dago, hedabideek egunero dituzte eraso ugari aipagai, 2009an Euskal Herrian kasu, zoritxarrez bost emakumeren erailketa jasan dugu, Horregatik, honen aurrean, bilgune feministak autodefentsa bultzatu nahi du:Izan ere, egunero jasaten diren erasoez nazkatuta gaude eta horren aurrean ofentsiba adierazi nahi dugu, hau da erantzutera, defendatzera eta ekitera pasa. Autodefentsaren bidez aurrera egin dezakegu, gure autoestimua indartu egiten da, eta jendartean ezarrita dauden generoaren araberako rolen inguruko kontzientzia hartzeak edota esnatzeak suposatzen du baita ere. Kontutan hartu behar da gainera, emakume bat erasotzen dutenean, gutako edonor erasotzen dutela, hau da, ezin ditugula eraso sexistak kasu isolatu bezala tratatu, eraso bakoitzak emakumeon egoera orokorrarengan eragiten baitu, horregatik emakumeen arteko elkartasuna ere behar-beharrezkoa ikusten dugularik.Bestalde, etxe barruko eta bikote harremanetako indarkeria kasuak ez dira kontu pertsonalak, arazo sozial larri honen parte dira eta guk errealitate hau herriratu nahi dugu, baita kalean aske ibili nahi dugula ozen esan, auzoan, herrian, hirian nahiz munduan zehar, hau da kalea ere gurea dela aldarrikatuz. Gainera errealitateak emakume gazteengan oraindik orain dauden indarkeria egoera larriak eta gazteen artean ematen diren harreman ez parekideen errealitateak jendartearen estruktura patriarkalak bizirik daudela adierazten digu eta guk hori irauli nahi dugu, horretarako beharrezko diren prebentzio neurriak landuz, batez ere hezkuntza sisteman. Azkenik ere instituzioekiko jarrera kritikoa azaldu nahi dugu, itxurakeriaz eta jarritako neurri urriez nekatu garelako eta prebentzioaren beharra nabarmendu nahi dugulako. Saia gaitezen bada, autodefentsan!!!