HIYAB edo BURUKO ZAPIAZ (II)

Begoña Zestau Baraibar 2009ko aza. 20a, 00:00

Dirudienez, hiyabaren jatorria erlijioari lotua dago. Bere erabilerak Jainkoari mendekotasuna adieraz lezake; hau da, emakumea soilik Jainkoarena izatea eta ez gizonarena. Hori zen hasiera batean hiyabaren esanahia, baina tradizio bihurtzean, galdu egin zuen esanahi hori eta emakumea arlo publikotik baztertzearen ikur izatera iritsi zen.Zer dio Koranak?Aipamenik garrantzitsuena testuinguru zehatzean aztertu beharreko berset batzuetan dago, eta laburki hala dio:Mahomak erabatean zeukan jendea bere etxean (meskitan) erlijioaren inguruan galdezka. Tradizioak dioenez, Jainkoak berset batzuk bidali zizkion musulmanen artean zabaltzeko: "emakumeak gizonak bezain jantziak daude fededunei arreta emateko". Hala, Mahomaren emazteak jendea hartzen hasi ziren, baina zenbaitetan erasotuak izaten omen ziren. Mahomak beste errebelazio bat jaso zuen: "Emakumeei zerbait eskatzerakoan, zapi batez estalita egizue: garbiagoa da bai zuen bihotzentzat, nola haienentzat. Ezin duzue inola ere Mahoma iraindu, ezta bere emazteekin ezkondu. Hori izugarrizko bekatua da Jainkoarentzat"."Profeta, esan zure emakumeei, alabei, eta sinisten dutenen emazteei estutzeko zapiak. Hori da aintzakotzat hartzeko biderik hoberena, eta baita inork trabarik ez egitekoa ere. Jainkoa gupidatsu eta errukiorra da. Esan fededunei, jaisteko begirada eta izateko garbiak. Hori da hoberena. Jainkoak badaki oso ongi zer egiten duten. Esan emakumeei gauza bera eta apaingarririk ez erakusteko gorputzetik ikusten denaz at, eta  bularra estaltzeko zapiaz".Badirudi, Koraneko hiyabak ez diola erreferentzia egiten emakumeek burua edota aurpegia estaltzeari, baizik eta janzkera zuhurra erabiltzeari; eta kontu sexuala baino gehiago kontu sozial batengatik, janzkera arauak senitartekoen aurrean ez daudenean erabiltzekoak baitira. Halere, zorroztasun hori beste erlijioetako ingurune tradizionaletan ere aurki daiteke: kristau erlijioan, judutarrena, hinduenean, etab.