ETXERIK GABEKOEN EGUNA

Joseba Bakaikoa 2009ko aza. 20a, 00:00

Hilabete honen 22an Etxerik Gabekoen Eguna ospatuko dugu. Eta niri zer? Eta zuri? Ez dut uste ospatzea hitz egokiena denik. Zer ospatzen dugu?Gure hirietan eta gure hirietako kaleetan gero eta jende gehiago dago etxerik gabe. Bilbon bertan 170 gizon-emakume baino gehiago bizi da horrela. Eguna joan eta eguna etorri, ez dute haien lekua aurkitzen.Eta niri zer? Bada, niri zer edo zer esaten didate. Duela 25 urte Bilboko auzo famatu batean, Otxarkoaga izenekoan, gure artean etxerik gabeko batzuk onartzen hasi ginen. Ordutik jende asko bizi izan da gure artean eta, egia esan, denetarik izan dugu. Baina, urteetan zehar, gero eta jende gehiago onartu eta udal jabetza duten zenbait etxe -hogeiren bat- alokatu ditugu. Etxe bakoitzean hiruzpalau lagun bizi ohi dira elkarrekin, eta bizitza arrunta egiten dute; gure artean onartuak sentitzen direlako. Horiek ez dira kale gorrian bizi.Hala ere, ezin izan dugu kalean bizi diren guztiei behar besteko laguntza eman. Guggenheim museo famatutik gertu, Bilboko udalak zeukan etxe handi batean aterpetxe bat eraiki zen duela sei urte. Aterpetxe horren kudeaketa gure elkartearen esku utzi zuen udalak, baina etxerik gabekoak ezin dira aterpe horretan egunean zehar egon, soil-soilik afaldu eta lo egin dezakete. Horiek dira udalaren planak eta guk horrela onartu behar izan ditugu.Horrela, egunez, non egon gizon-emakume horiek? Errekalde auzoan lokal bat lortu genuen eta jadanik sei urte igaro dira proiektu horrekin hasi ginenetik. Orain arte ez dugu arazorik izan, baina lokal hori oso txiki geratu zaigu eta beste lokal bat aurkitu dugu, Txurdinaga auzoan. Bilboko udalak obrak egiteko baimena eman zigun, eta bukatzear daude horiek. Baina bitartean, auzokideak hasi dira gure ekintza horren kontra manifestazioak eta asanbladak egiten. Nork espero zuen hori? Noiz hasiko gara besteak onartzen? Zer nolako gizartea ari gara eraikitzen?  Etxerik gabekoen eguna!