Jaun-andere, haur, zahar eta gazte, gizon eta emazte!! Ongi etorri Nafarroako Gobernuaren azken antzezlanera!!! Labetik atera berria dagoen ikuskizun honetan politikarien aurpegi aldaera ikusteko aukera izango duzu, beste behin ere.Ikuslegoa eserlekuetan eroso eserita dagoela jakinik, oihala zabaltzear dago. Txalo artean agertu dira eskenatokian politikariak. Nafarroako gobernukideak eta Iruñeako udaletxeko buruak dotoretasunez mozorrotuta, edota lotsagabekeriaz mozkortuak ageri dira. Proposamen berri bat omen dakarte: Iruñea 2016ko Europako hiriburu kulturala izateko hautagai. Ikuslegoak ezin izan dio barre-algarari eutsi eta seriotasunez estali nahi zutena txiste bilakatu da. Oihala itxi dute eta hortxe bukatu da ikuskizuna, txistu eta irri artean.Eguneroko antzezlanak... Izan ere, jakin badakigu ez Nafarroako Gobernuak ez eta Iruñeako udalak ez duela kulturaren aldeko apustua egiten. Eta hori ez da antzezlan bat, egia gordina baizik. Nafarroako antzerki eskolari euro bateko dirulaguntza eman diote 2010 urterako. Beraientzat kultura Gaiarre teatroan edota Baluarten egiten dena delako; ordaindu beharreko baliabide pribatu bat delako; gutxi batzuentzat eskuragarri, gehiengo handiarentzat eskuragaitz.Politikari horiek, ordea, ahaztua daukate kultura ezin dela ez saldu, ez erosi; ezin duela antzoki, museo eta kultur-etxeetan soilik biziraun. Kulturak, arteak, artistek kale-miña daukate; haur, zahar, gazte, gizon eta emazteek kultura-miña daukagun bezala. Jaun-andereok, beraz, aldarrika dezagun artearekiko maitasuna.