Haurren Nazioarteko Eguna ospatu da berriki. Hori dela eta, erabat isildu zen gai bati heldu nahi diogu: preso eta iheslarien haurrak. Horri lotuta, amatasun eskubidea, kartzelan amarekin diren haurren bizi-baldintzak, harremanen zailtasuna, gurasoen zein haurren hutsunearen ondorioak, gurasoengandik hurbil egoteko eskubidea, gurasoen gabezia eta abar luzea. Azken aldian ehunka umeri irribarrea apaltzen zaie orain arte naturaltasunez ageri ziren lekutik amaren edo aitaren argazkia bortxakeriaz kentzen ikustean. Beti bada zaila gurasoen ausentzia esplikatzea, oraindik zailagoa gurasoen argazkiak erauzteak erakusten duen gorrotoaz aritzea. Umeok zuzen zuzenean pairatzen baitute aitaren urruntasuna ez ezik, errepresio eta kartzela politikaren laztasuna, gurasoei ezarritako sufrimendua. Zuzenean bizi dituzte kartzelako araketak, tratu iraingarriak, hoztasuna, ... une gogorrak pairatzera kondenatuta daude preso baten semea edo alaba izatea suertatu zaielako. Nagusientzako zaila dena are zailagoa da beraientzat, ulergaitzagoa zaielako gurasoen ausentzia. Zuzenean pairatzen dute sakabanaketak berekin dakarren urruntasuna, bidaia luzeak, hilean behin edo hilabeteetan behin soilik aita edo ama ikusi ahal izatea. Ikastetxean, kalean, jolasean, festetan, hainbat zeregin eta unetan ez dute gurasoa alboan, beste umeek bezala. Gabezia larria. Guzti honengatik sortu genuen "Irritxoen eguna", haurrok beraien artean irri egiteko egun bat. Haurren Nazioarteko Egunetik hurbilen. Ume horien aurpegian irritxoak eragitea da helburua. Egun eder bat opari nahi diegu, egun pozgarri bat eskaini, bestelako asteburu bat. Aldi berean herritarren kontzientzia ukitu ere nahi da: bihurtu dezagun irritxo unea beraiekin edonon elkartzen garen bakoitza, lausotu nahi zaien irribarre hori beraien eskubidea delako.