Ezagunak dira gure bailarako gazteok espainiar poliziaren aldetik astero pairatzen ditugun jazarpen adibide anitzak. Bide berean azken hilabetetan sumatutako errepresio egoeren gorakada etengabeak bere puntu gorena 14ko larunbatean bizi izan zuela esan daiteke. Hortaz, egun honetan gertatutakoa azpimarratzea eta Sakana barnean piztu duen sumina kaleratzea ezinbesteko gauza iruditu zaio AGAri. Egun "beltz" honetan Lakuntzako Sorgin, Olaztiko Klinker eta Altsasuko Gernika tabernek sarekada bana jasan zuten Guardia Zibilaren eskutik, azkeneko taberna honi zenbait egun lehenago poliziek kalez jantzirik sarekada "iragarri" egin ziotelarik. Aipatu beharra dago 3 taberna hauek bailarako beste hainbat tabernekin batera jada beste sarekada batzuen biktima izan direla azken urteetan. Horrez gain, Foruzaingoak Altsasuko gazte lokal batean sarekada burutu zuen arratsaldean. Gainera egun honetan Sakanan zehar bizi izan genuen presentzia poliziala adierazgarria izan zen oso. Honi guztiari kalez jantzita eta Baraiñainetik segika zituzten polizia batzuk "Nafarroako Gaztetxe koordinadoraren" bilera batetik bueltan zetozen AGAko bi kideri Zuastin egindako ordu eta erdiko kontrola gehitu behar diogu. Kontrol honetan, gainera, koordinadorako hainbat paper errekisatu zituzten.Ez dakigu zer lortu nahi duten. Ez dakigu zertara jokatzen ari diren. Askotan kontrol eta sarekada hauek droga kontsumoaren aurkako gurutzada batekin mozorrotu nahi badituzte ere argi dakigu Sakanako gazteria zapaltzea eta gertutik kontrolatzea dutela helburu. Kokoteraino gaude, guztiz aspertu gaituzue! Jakin dezatela Sakanako gazteria ez dela eraso hauen aurrean isilduko! Horregatik entzun dezatela ,inoiz baino ozenago, gure oihua: ASKI DA!!! NAZKATUTA GAUDE!! UTZI BAKEAN BEHINGOZ SAKANAKO GAZTERIA!!