Berriki joan zaigun azaroan asteburu jostagarri sorta ederra eduki dute Burunda aldean. Izan ere hamar urte dira Iturmendin irrati libre bat mustu zutela, ekitaldi arranditsu eta agintarien prozesiorik gabe. Eztanda izena paratu eta laster Sakanako haize eta uhinen barrena aurrera egin zuen etxezoko askotan entzule leialak erdietsiz. Iturmendik entzierrorik ez du baina Estafetarik bai, M-30rik ere ez du baina Madril(txiki) da eta bere jauretxe dotereei darien nobleziak zerbait ausartagoa eskatzen zuen herriaren erakusgai. Halatan 1999ko udara sapatsuko asperdurak eraginda irrati libre bat eratzeari ekin zioten. Lau burni eta bi tresna zahar hartu, birziklatu eta saioak aireratzen hasi ziren, esaterako DJ Sergey ( Burundako uhinen lemazain eta ontziburu), Reggae Roots, Santa Marina te asesina edo Turismundo y los tablones de la caballa redonda bezalako erokeriak. Hamarkada bat joan da beraz, eta sakandar jatorren gisara sakramentu guztiekinospatu dute. Batetik trikimania, bestetik furgobira; orain altxorraren bilaketa, hurrena kontzertuak, beti ere otordurik otordu: auzate, afari zein afari herrikoiak. Irratia eta herria biziberritzea helburu, diru gutxi patriketan baina bihotzak bete asmo eta itxaropen. Jauretxerik gabe baskulaetxe xume baina maitagarri batetik Sakanara eta mundura. Lasai Eztandakideok, Urbasapeko uhinetan buruzagi bazarete oraindo ez duzue Príncipe de Viana edo Ondas saria irabaziko. Bestelako merezimenduak bereganatuko dituzue. Betoz beste hamar eta hamaika Eztanda urte.