Nekasarea

SakanEKO 2009ko abe. 2a, 00:00

Zenbat aldiz entzun dugu baserritarrek salmenta prezioaren azpitik saldu behar izaten dituztela beren produktuak? Zenbatetan konturatu gara, dendan erosi berri ditugun "eztakitnongo" fruta edo barazkiek itxura ona izan arren zaporerik ez dutela? Egoera hauen aurrean Euskal Herrian, beste herrialde "garatuetan"  bezala, salmenta zuzenean oinarritutako ekoizle eta kontsumitzaileen arteko harreman berriak sortzen ari dira. Euskal Herri mailan, lan ildo hau jorratzen duen proiektu bat aurkeztu berri da: NEKASAREA. Bere helburuak salmenta zuzena sustatzea, eta konfiantzan eta elkarkidetzan  oinarritutako ekoizle eta kontsumitzaleen arteko harremanak lantzea da. Horretarako, kontsumo talde arduratsuak sustatzeari ekin diote.Proiektu honen oinarriak, laburbilduz, honakoak dira:-Tokian tokiko ekoizpena: modu honetan bertako garapena bultzatzea, ekoizpenak eredu estentsiboetara eraldatzea eta elikagaien garraioaren eragin kaltegarriak gutxitzea lortzen da.-Sasoian sasoiko produktuak: urte sasoiaren eta bildutako uztaren araberako produktuak izaten dira.-Parte hartzea: ekoizle eta kontsumitzaileen artean elkarkidetza dago, talde berean daude. Kontsumitzaileek taldearen kudeaketa erabakitzen dute, baserrietara bisitak eginez ekoizpen jarduerak eta produktuak aztertzen dituzte,... -Nekazaritza agroekologikoa: eskainitako produktuak modu ekologikoan ekoiztuak dira..-Justizia soziala: elikagaien truke ordaintzen dugunetik hasita ekoizleen lan baldintzetara arte. Ekoizlearen lan baldintza duinak ziurtatzea eta kalitatezko produktuak modu onean eskaintzea dira helburu. -Elikadura subiranotasuna: elikadura eskubidea da, ez negozioetarako erabil daitekeen merkantzia bat gehiago. Horregatik, erabakitzeko eskubideari lehentasuna ematen diogu: guk erabakitzen dugu zer jan nahi dugun eta jango dugun hori nola ekoiztu eta banatu.Proiektu honen helburu berekin, Sakanan kontsumo arduratsua bultzatuko duen taldea abian jarri berri dugu. Gure ekimen xume hau zabaldu asmoz denok gure bilgunera gonbidatuak zaudete.Ondo izan eta on egin!