30 urte daramatza EHEk Euskal Herria berreuskalduntzeko bidean urratsak ematen; 30 urte luze, euskaldunon hizkuntza eskubideen aurkako erasoak salatzen, euskararen normalizazio prozesuan akuilu lana egiten, euskaraz bizitzeko hautua hedatzen eta herritarrei ibilbide horretara atxikitzeko dinamikak eskaintzen. Hala ere, duela 30 urte EHE sortzera eraman zuten funtsezko arrazoiak arnas betean dira egun, tamalez.Maila juridiko-politikoan badirudi ez dela aldaketa nabarmenik eman; euskararen estatus ofizial ezak bere horretan dirau, eta hizkuntza politiken oinarrian erdaren nagusitasuna mantentzea beste helbururik ez dago. Lapurdin, Nafarroa Beherean eta Zuberoan Euskararen Erakunde Publikoa bere iruzurrarekin aurrera jarraitzen ari da, euskara onartu ere egiten ez duen legedi baten baitan euskararen alde urratsak eman daitezkeela irudikatuz. Nafarroa Garaian euskararen aurkako erasoek ez dute etenik izan, Ley del Vascuenceren itzalpean. Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Gobernu Sozialista berriak ekarri eta ekarriko duenak ere ez dio esperantzari leku askorik uzten.Eta euskaldunok, beti bezala, bigarren mailako herritar gisa jarraitzen dugu, euskaraz bizitzeko ezintasunean murgilduta, baina inolaz ere itota. Euskaraz bizitzearen aldekotasuna bizirik mantentzea lortu dugu, eta hau garatu ahal izateko kohesioa eta elkarlana jorratzeko apustua egin behar dugu, apustu sendoa.Beraz, EHE sortzera eraman gintuzten arrazoiak indarrean dira egun oraindik, eta zentzu horretan euskaldunok bigarren mailako herritar izateari utzi eta euskarari lehentasuna emango dioten politika burujabeen bidez Euskal Herri euskaldunera heltzeko bidean irmo jarraituko dugu aurrera.Euskaraz biziz, Euskal Herri euskalduna eraiki!!!