JOSEFINA ARREGI KLINIKA

Asun Fernandez de Garaialde Lazkano 2009ko abe. 18a, 00:00

Altsasuko Josefina Arregi klinikak duela egun batzuk 15 urteko zerbitzua, etorkizunean pentsatzen lemarekin antolatutako dibulgazio jardunaldian izan nintzen. Lehenengo eta behin antolatzaileak eta Larrion eta Martinez Lage doktoreak zoriondu beharra dut. Josefina Arregi klinikak egonaldi motzeko ospitalizazio osasun arreta eskaintzen die gaixo psikogeriatrikoei. Bereziki dementzia sindromeak (alzheimer gaitza edo beste batzuk) eta zainketa edo zaintza somatikoa behar duten beste gaitz psikiatrikoak artatzen ditu. Gaur egun halako gaixoetan Nafarroan espezialdutako osasun zentro bakarra da eta hartara herrialde guztiko gaixoak  joaten dira. Klinika honetan, ospitalizazioaz gain, eguneko zentroa dago. Sakanako bakarra. Ez zerbitzu hori ezta kanpo kontsultena ere ez dago kontzertatuta. Kanpo kontsultak eskualdeko profesionalendako laguntza handia dira, gaixoen jarraipena eta arreta errazteaz gain, profesionalen koordinazioa errazten duelako. Zentroak ospitalizazio gunean 21 ohe ditu eta haietatik soilik 11 daude Osasunbidearekin kontzertatuta. Ituna abenduaren 31n bukatzen da eta baldintza beretan luzatzen bada klinikaren etorkizuna bideraezin bihurtzen du. Nafar guztiondako aitzindaria den klinika bat enpresen emariekin eta "zeuk aukeratu, zeuk erabaki" moduko programekin mantentzea baimentzen ari gara Nafarroan. Horren guztiaren aurrean, iritsi da garaia Osasun Departamentuak zentroa bere gain hartzeko edo, gutxienez, 21 oheak kontzertatu eta kanpo kontsulten kostua bere egiteko. Une hau zentroaren etorkizunerako garrantzitsua da eta horregatik beharrezkoa da indar politikoek  indarrak batzea. Gure ezberdintasun politikoak alde batera utzita elkarrizketan aritzea beharrezkoa da. Irabazi politikoetan baino klinikaren etorkizunean pentsatzea ere beharrezkoa da, begirada elektoralistarik gabe. Hala uste du NaBaik eta horregatik aurkeztu ditu ekimenak parlamentuan. Horien artean aurrekontuei zuzenketak , UPN-PSN-CDN-k ez dituztenak onartu. Baina ez dugu begi txarrez ikusiko beste talde batzuk haien proposamenak egitea, Josefina Arregi zentroaren egoera hobetzeko badira, eta horrekin Nafarroako osasungintza. Nondik datorren begiratu gabe babestuko ditugu. Hala ere, arazoaren konponbide globalaren alde borrokan jarraituko dugu. Hau da, Osasun Departamentuak aipatu zentroaren kudeaketa bere egin dezala edo ohe guztiak kontzertatu eta bere gain har ditzala kanpo kontsultak. Jardunaldiak zioen moduan, 15 urteko zerbitzua, etorkizunean pentsatzen.