DENBORAREN ORRATZ ARROTZAK

Zoila Berastegi 2009ko abe. 31a, 00:00

Denborak  betiko moduan jarraitzen du, bere horretan, ttipi-ttapa, noraezean. Segunduz eginak daude minutuak, minutuz orduak, orduz egunak, egunez urteak.  Urteak,  badatoz eta badoaz; joan-etorrian dabiltza. Urte horietako bakoitzak, ixilean batzutan eta ozenki bestetan, badakartza zakukada bat ilusio, amets eta proposamen berri guganako bakoitzaren barrenean. Urte berri bat hasiera bat da, amaiera bat; geure bizitzetan geldiune bat; arnas estu batean baimenik gabe sartzen den airekada sakona. Eta pentsatzen jarriak, esan genezake urte berriek eta astelehenek badutela komunean zeozer. Bata puntu eta apartea, eta bestea puntu eta segida direla esan genezake, baina biak  puntu. Izan ere, denbora orratzez jantzi dugu, bere muina ulertzeko saiakera batean, eta gure egunerokoa, asterokoa edota urterokoa antolatzeko nahiean.  Bizitza entsaio bat izango balitz bezala, eta urte bakoitza izan nahi dugun margoaren bozeto hutsa.  Eta saiakera horretan ezarri dizkiogu denborari orratzak. Baina denborak ez daki segunduz, ez minutuz; ez daki ez orduz ez egunez ez urtez; denborarentzat orratzak arrotzak direlako.Denbora amaigabea da, subjetiboa, pertsonala, trinko bezain pausatua, azkarra bezain mantsoa, erregularra bezain irregularra. Baldintza?Denbora tarte bakoitzean igarotzen den bizipena, suertatzen dena, sortzen dena, izaten dena.Tarte txikienak ere infinitua du bere barrenean. Eta milioika tarte txikiz margotzen dira bizitzak; bizitzan ez dagoelako punturik, ez segidakoak, ez apartekoak.Bizitza uneoro margotzen da, eta  bozetoa bera da. Ez dago ez hasiera ez amaierarik.