ARBIZUN NOKETAN

Raf Atxuri 2010ko urt. 15a, 00:00

Beraingo mendi gotor, lerden eta harroaren azpian, Arañazko alkargoan apain eta zaintsu da Arbizu. Txistorgintzaren epizentroa izateaz gain badu herri honek zertaz loria. Jaun Donibaneko festek Sakanako udari ongi etorri magiko eta biziari ematen diote, bere karrika eta zokoetako arkitektura zaharberritua oreka eta edertasunez ondua da, are gehiago lorez jantzen dutenean. Idazleak ere ez ditu eskas eta Lekunberri Aranatz izenpean elaberri baten agertokia da.Bestelako merezimenduak ere badauzka Arbizuk. Euskaraz bizitzeari tinko eutsi dion herria da, bertako hizkerak mota guztietako ekaitz eta apokalipsiak zeharkatu dituelarik. Arestian nabaritu dute, ordea, hika egiteko usadioa moteltzen ari dela, emakumezkoen artean batez ere eta galbide egoerari buelta eman nahi diote.Hitanoa euskararen bereizgarririk nabarmenetakoa da. Japonieran izan ezik berezko aditz sistema ia ezezaguna da hizkuntz bazterretan. Hizketa laguna andrazkoa edo gizonezkoa den markatzeari ere oso exotiko deritzote zenbaitek, arabierak edo amazhigtak ( berebere) bereizketa hori egiten omen duten arren.Egia da hitanoa atzeraka ari dela azken hamarkadetan eta erabiltze eremuak gutxitzen. Neska eta emakumeen artean  gutxitan egiten da noketan, nonbait hiketaren fama txarrak eraginda.Haserrealdietan,ordea, hitanoa hitzetik hortzera berpizten da. Baina hobe genuke hitanoak beste aldarte eta esparru batzuk ere bereganatuko balitu: hausnarketa, lagunartea, lankidetza, hurbiltasuna, eztabaida, sorkuntza artistikoa... Beti ere lehen lehenik maitasuna, amodioan maite out ez, maite haut baizik.