Agerikoa da urte berrian sartu garela; nolakoa ote zaigu hori batetik, esperantza ona eta, bestetik, erantzukizuna gauzatzeko? Ez gara ari azken krisi ekonomikoari buruz, aspaldiko urteetan erasotzen gaituen giza-eskubideen krisiaz baizik; atxilotu, preso, iheslari eta familion egoera latzari buruz, azken batean. Hain egunerokoak zaizkigun eskubide bortxaketoz gain, bisitetan esku lotsagabez gorputza haztatu nahi diguten araketa iraingarriak egiteko araudia ekarri digu joan den urteak, baita ETXERAT elkartea legez kanpo uzteko mehatxua eta presoen argazkiak desagerrarazteko kanpaina mendekaria ere. Urte berri honetarako, aldiz, borroka dinamika berri bat iragarri digute presoek: itxialdiak, gose-grebak, etab.: haien eskubide-urraketen bukaera eskatzen dute, eta irtenbide demokratiko baten aldarrikapena egiten. Ondorioz, jarrera horrek zigorrak, isolamendua areagotzea, gurekiko harremanak murriztea eta beste hainbat ondorio latz ekarriko dizkie, dizkigu. Hala ere, baikor gara urte berriari begira. Eta ez da sentipen horretan kontraesanik; ez dugu sadismo kutsurik. Kementsu ikusten ditugu presoak egoera borrokaren bidez salatzean, herriari lotuta prozesu demokratikoari euren ekarpena eskaintzean -haiek ere etorkizunaren nolakoa eztabaidatzen ari dira; isolamenduko bakardadean asko, patioetako modulu eta kartzela sakabanaketan gehienak-.Urtarrileko jendetza uholdeak presoekiko herriaren sentiberatasuna erakutsi digu, agiriko etorkizunari buruzko eztabaida hedatu egin da gizartean, itxaropenari zirrikitu bat irekiz. Gu geuk badakigu orain arteko senideekiko ahalegin berean jarraituko dugula, baita herriak presoekiko bere konpromisoari eutsiko diola ere. Ahaleginduko dira giroa intoxikatzen, borondateak pozoitzen, gizartea zatitzen; ez gaitu, baina, ustekabean harrapatuko. Zailtasun guztien gainetik, URTE BERRI ON!!!.