Gabonak, opariak, ospakizunak, merkealdiak...

Adelaida Kintana 2010ko urt. 22a, 00:00

Garai honetan klasikoetako bat da kontsumitzaileen eta kontzientziadunen arteko ulertu ezina. Batzuk pozik dabiltzan bitartean, besteak borrokan dabiltza hainbeste ez kontsumitzeko.Eguberriak izan aurretik opariak erosi behar ditugulako, ez badira Olentzerorako, Erregeetarako izango dira; eta etxe askotan bi egun horietan egiten dira opariak (urrutira joan gabe gure ilobek ez dakite zer egin hainbeste jostailurekin), baina hemen ez da bukatzen kontsumoa.  Horretaz gain, jakin daiteke zenbat ospakizun egiten dugun 15 egunotan?  Gainera, ospakizun horiek bi egunetakoak dira: afaria eta, hurrengo egunean, bazkaria. Den-denak jarraian. Ez dugu pentsatzen, baina jaki goxo horietan, askotan, eta familia anitzetan, ez den dirutza gastatzen dugu.Kontsumitzaileok berehala erosi behar ditugu iragarkiek hezurretaraino bonbardaketa jasangaitzaren bidez erakusten dizkiguten produktuak. Eta kontzientziadunek, berriz,  gutxiago erosteaz gainera, denbora gehiago behar dute produktuek dakarten informazioa irakurtzeko, etxera iristen zaizkigun iragarkien prezioak alderatzeko eta begietatik sartu nahi dizkiguten produktuekiko kritikoagoak izateko.   Guk nahi baino gehiagotan dute arrazoia kontzientziadunek, okerrena da ez garela konturatzen. Baina badakit garai handi eta ospakizun handi hauekin ez dela kontsumoa bukatzen, kontzientziadunei kasu egin beharrean, erosten eta erosten jarraitzen dugula; merkealdiak gainean ditugu eta.akinlo@euskalerria.org