Zazpi urte igaro dira, zazpi, euskararen kontrako, herri honen kontrako zentzugabeko erasotik. Zazpi urte Madrilgo justiziaren indarrek Egunkaria itxi, eta bere ordezkariak atxilotu eta torturatu zituztenetik. Herri honen euskaraz bizitzeko nahia zen delitua, euskarazko egunkari bakarra aurrera zihoala ikustea zen euren arazoa. Eta horrela, gezurraren gainean eraiki zuten akusazio osoa.Adierazpen askatasuna gainditu zuen, gainditzen du erasoak. Egunkaria itxiaraziz, herri hau menperatu nahi dutenek euren helburua lortzeko edozein bide erabiltzeko prest daudela erakutsi ziguten. Euskararen herria asimilatu nahi dute, mendeetako bidea egin dute horretarako. Euskara jarri zuten asimilazio prozesuaren jomugan, hizkuntza galtzen duenak nortasuna, izaera galtzen duelako, herria galbidean jartzen duelako. Herri honen bizi nahiaren adierazpide dugu herri mugimendu antolatua. Egunkariaren kontrako erasoak, epaia edozein izanda ere, euskaraz bizi nahi duen herri osoa kriminalizatu du. Auzolanez, militantziaz, kolektibitatean herria berreraikitzea bihurtu du delitu erasoak. Eta hasi da epaiketa, eta laster helduko da orain zazpi urte hasitako prozesuaren amaiera. Euskara, euskal kulturgintza, herri mugimendua, herri euskalduna daude jomugan. Hala ere, herri honek badu bere epaia, euskaraz bizi nahi du. Horregatik sortu zuen Egunkaria herriak. Eta honen itxierak eragin zuen haserreak, euskaraz bizitzeko nahiarekin batera, Berria sortu zuen, herri ekimenez, herrigintzaz. Sor dezala orain Bilboko manifestazioak babes-olatua Egunkariarentzat zein auziperatuentzat eta euskaraz bizitzeko olatu-grina herrian. Badakigu herri euskalduna berreraikitzeko gure esku dauden tresna guztiak erabili behar ditugula, baita behar ditugun tresna guztiak eskuratzeko baldintzak sortu ere. Aurrera urratsak emanez euskaraz biziko den herria irudikatu eta birsortu behar dugu. Bide eta zentzu honetan kokatu behar ditugu euskarazko hedabideak. Euskal hedabideak sortuz eta kontsumituz, euskarazko hedabideei lehentasuna emanez, euskaraz biziko den herriaren aldeko nahia handituko dugu, eta guztiok batera asimilazioaren aurreko harresian beste harri bat jartzea lortuko dugu. Hori dela eta behar dugu Egunkaria libre munduan, euskaldunok ere libre behar dugulako izan Euskal Herria berreraikitzeko. Eta, bitartean, euskara lehenetsi behar dugu esparru eta maila guztietan, gutako bakoitzak euskarari lehentasuna eman behar dio, baina osatzen dugun herriak ere, munduan libre bizi ahal izateko, herri egiten gaituen hizkuntzari eman behar dio lehentasuna. Euskal Herrian Euskaraz-ek deialdia luzatzen dizue Egunkariaren aldeko kontzentraziorako. Euskarari erasorik ez! Euskaraz bizitzeko Egunkaria libre! Asteartean, Altsasun, 19:30ean.