Eguberriak hurbiltzen ari diren honetan, hainbat sektore alternatibok zalantzan jartzen dugu berriro indarrean dagoen eredu ekonomiko eta kontsumista. Arrazoiak begi-bistakoak dira: ingurumen arloari dagokionez, sistema ez da iraunkorra epe luzean; sistema horrek, eratuta dagoen bezala, ez die gizartearen eskariei erantzuten, desberdintasun ekonomikoak beren horretan mantentzen ditu; eta, azkenik, ikuspuntu indibidual batetik, kontsumoa-zoriontasuna binomioak ilusio hutsa da, gaixotasun izatera irits daitekeena.Beste ekonomia berri bat ez da sortu behar sistema zaharra berez erortzen denean; aitzitik, eredu zaharra ordezkatzeko eta aldatzeko lana aurretik abiatu behar da. Prozesu hori gure kontsumo ohiturak zalantzan jarriz abiarazi behar da. Hasteko eta behin, kontziente izan behar dugu erosketa bakoitzean aukera baten aldeko apustua egiten dugula: edo bidegabekeria soziala bultzatzen duten produktu eta enpresen aldekoa, edo elkartasun eta iraunkortasun parametro handiagoak bilatzen dutenen aldekoa. Bigarrenik, gure benetako beharrei buruzko hausnarketa egin behar dugu, eta soberan dagoen guztia murriztu egin behar dugu. Kontsumo kritikoa eta arduratsuaren bitartez mundu ezberdin bat eraikitzeko aukera daukagu, eguneroko ekintza xumeetan gauzatzekoa. Mundu ezberdin horretan produktua sortzen duen nekazariak kobratzen duenaren eta erostean ordaintzen dugun azken prezioaren arteko aldea ez da %400ekoa izanen, eta beraz, etekin hori ez da banatzaile handien esku geratuko. Eguneroko ekintza horiek dira giltza: benetan behar duguna besterik ez erostea, merkataritza txikia lehenestea azalera handiko merkataritza guneen aurretik, bidezko merkataritza aukeratzea, eta ingurumena errespetatzen duten produktu ekologikoen aldeko apustua egitea.