Aurten 15 urte bete ditu Bierrik fundazioak, Guaixe aldizkaria eta Beleixe irratia kudeatzen dituen erakundea. Badugu zer ospatu, beraz. Guaixe Sakanako 4.500 etxetara sartzen da ostiralero eta 15.000 lagunek irakurtzen dute eta Beleixe irratia gure etxeetako eta lantokietako goizak betetzen ditu. Sakandarrok bi hedabide doan jasotzeko aukera dugu hainbaten laguntzari esker: publizitatea jartzen duten establezimenduak, diru-laguntza ematen duten erakundeak, fundazioan aritzen diren langileak eta haien diru ekarpena egiten duten norbanakoak. Alde horretatik, harrotasunez begiratu dezakegu atzera gero eta orrialde gehiago eta gero eta txukunagoak iristen zaizkigulako gure etxeetara euskaraz eta egunetik egunera irratiko programazioa ere osatuagoa eta kalitate hobekoa delako. Horretarako, urtez urte Bierrik fundazioaren aurrekontua handitu da, bai eta lan-taldea ere. Dena den, une kritikoan daude bai Guaixe eta bai Beleixe. Izan ere, Nafarroako Gobernuak diru laguntzen iturria itxi egin du. Azkenaldian txorrota txikia zena erabat itxia da aurten eta horrek kinka larrian utzi ditu bi hedabideak. Horri gaineratu behar zaio publizitatearen salmenta nabarmen jaitsi dela eta diru-laguntzak ematen dituzten gainerako erakundeen funtsak gero eta murritzagoak direla.Ez gara datuen oihanean galduko. Datu bakarra emango dugu: 20.000 euro da aurtengo ekitaldi ekonomikoa salbatzeko behar den euro kopurua. Kontuak erraz egin daitezke, gainera: une honetan 20.000 biztanle daude Sakanan eta bakoitzak euro bat jarrita aurten galerarik ez izatea lortuko genuke eta, hortaz, 2010 urtea zulorik gabe hastea.Horiek horrela, guk, Guaixe eta Beleixe irakurri eta entzuten dugun sakandar guztien izenean, diru bilketarako deia egin nahi dugu. Dirua modu ezberdinetan eman daiteke:1) Nafarroako Kutxan eta Euskadiko Kutxan Bierrik fundazioak dituen kontu-korronteetan diru-sarrera eginez.2) Bierrik fundazioaren laguntzaile eginez, eta urtero 50 euroko kuota ordainduz.3) Nafarroako Kutxako Zuk aukeratzen duzu, zuk erabakitzen duzu egitasmoaren barruan 17.003 zenbakia duen egitasmoa aukeratuz.4) Toki publikoetan itsulapikoak jarriz.5) Herrietako egun seinalatuetan bilketarako mahaiak jarriz.Sakanako herritar garen aldetik, eskualdeko biztanleei deia egiten diegu uste dugulako Guaixek zein Beleixek Sakanako euskal komunitateari eta oro har jendarte osoari egiten dioten ekarpena ezinbestekoa dela. Horretaz gain, edo horren gainetik, Nafarroako Gobernuari arduraz jokatzeko eskatu nahi diogu euskarazko hedabideak babesteko duen legezko betebeharra baitauka. Izan ere, egungo politikaren bidez Sakanako gizartearen zati handi bat iraintzen eta zigortzen ari da.