BIZIRAUTEN DAGOEN HERRI BATI BURUZ

Zoila Berastegi 2010ko ots. 5a, 00:00

Jendeak etxerik gabe, etxeak jenderik gabe; gurasoak umerik gabe, umeak gurasorik gabe; bakardadea edonoren bila, eta erantzunik ez; irrifarrak egun batean gorpuztu zituen aurpegien bila, eta aurpegirik ez; malkoak etengabe, etenik gabe; begiak itxaropen galdu bati negarrez; eta lurrikarak ireki zituen zirrikittu, tarte eta zulo guztietatik herri bat lur jota. Hori da Haiti egun; hori da Haitin egunerokoa; hori da Haitiko gau eta egun.Naturak astindu du, eta hor ez dago zer esanik, ez dago errudunik ez eta atzera bueltarik. Baina duela egun batzuk lurrikarak astindu zuena, aspalditik astindua, jipoitua, ustiatua, okupatua, zanpatua, kutsatua  zuen gizakiak. Zoritxarrez, txirotasuna, hondamendia, etorkizun eza, eskubide urraketa, injustizia eta gainontzeko munduaren gorrera, ez dira Haitirentzat nobedade. Izan ere, Amerikako herri txiroenaz mintzatzen gabiltza.Jakin badakigu, Hego eta Ertamerika egunero egunero, duela ehundaka urtetik, ikaratzen dituena ez dela lurra, baizik eta gizakia. Hondamendi natural baten aurrean, mundu guztiko gobernuak gizatasun faltsu batez mozorratzen dira; laguntza eta elkartasun hitzez betetzen dituzte haien ahoak, beren poltsikoak Haiti bezalako beste hainbat herrialderi kanpoko zorra kobratuz betetzen dituzten bitartean. Tamaina honetako hondamendiak gertatu behar al dira herrialde txirotuei  kanpoko zorra kentzeko? behingoz lapurtzez uzteko? Herri baten azken arnasaz mintzatzen ari gara, eta ez da lurra izan herri hau ito duena.