Gehienetan bezalaxe, zure heriotzak ere ustekabean harrapatu ninduen. Ez nuen zure gaixotasunaren berri, eta, gainera, azken agurren egunean ez nuen izan nik oso gorputzaldi ona. Horregatik guztiarengatik, aprobetxatu nahi dut aukera hau, zuri nire azken hitzak egiteko, nahiz eta berandu samar izan. Beti ezagutu zaitut mehe, azken urte hauetan, nire tankeratsukoa. Jende askok aipatu ditu zure merituak, balioak eta sariak arrazoi guztiarekin, horrexegatik ez ditut errepikatuko hemen, inor ez aspertzeko. Nik, batez ere, azpimarratu nahi ditut zure apaltasuna eta xalotasuna. Beste bi erraldoiak bezalaxe -Jose Maria Jimeno Jurio eta Pablo Antoñana-, besteak beste, eta makina bat gauzaren artean, euskara ikasten ere aritu zinen, eta hirurak elkarrekin, gainera. Niri dagokidanez, beti gogoratuko zaitut irribarre goxoa ezpainetan zenuela, eta, nirekin bi hitz edo lau esaldi edo beste zerbait, euskaraz egiteko hartzen zenuen begirune atseginarengatik. Beti arte, Jorge! Eta, bide batez, ezin dut galdu aukera hau, Jesus Lezaun apez langile, abertzale eta behartsuen aldekoa ere agurtzeko. Agur handi bana, ba, bioi.